“Lópezen Gobernuaren gehiengo absolutua fikziozkoa da. Horregatik, osagai sinboliko eta kulturalek berebiziko garrantzia hartzen dute fikzioaren eraikuntzan, errealitateak ematen ez duena konpentsatzeko”
Legebiltzarraren gehiengo absolutua duen Gobernua izateko, ezin esan daiteke Patxi Lópezen taldea legegintzan bereziki aktiboa izan denik. Izan ere, 2010eko Aurrekontuen legea alde batera utzita, honakoa da arlo honetako emaitza: bi lege aldatu dira (naturaren babeserakoa, eta haur eta gazteen babeserakoa), biak artikulu bakarreko lege banaren bidez; eta lege berri bakarra onartu da, bi artikulu dituena (orrialde bat okupatzen du EHAAn), Autonomia Estatutua onartu zen eguna jai ofizial izendatzeko. Horrela, Legebiltzar honen jarduna inoizko apalena izan da, Lizarra-Garaziko prozesuaren hausturaren ostean Ibarretxeren Gobernu minoritarioak izan zuena baino are apalagoa. Batzuen iritziz, gaitzerdi.
Ez dut uste kasualitatea denik onartu den lege berri bakarra Urriak 25 jai bihurtzearena izatea. Aitzitik, gobernu horren lehentasunak islatzen ditu. Ilegalizazioaren eta aldaketa politikoaren eskutik “Euskal Herrira (EAEra alegia) normaltasuna” iritsi dela dioten horiek, normaltasuna ikustarazten egin dute esfortzurik handiena: legez kanpo utzitakoak bistatik kentzen, gatazka baten ondorio latz ugari estaltzen, herri baten esistentzia eta bizi nahia disimulatzen, eta oro har lehendakari ustez politizatuegi baten ordez despolitizatutako lehendakari guatxi bat jartzen. Normala Espainia baita, ez Euskal Herria.
Normaltasuna ordea, benetakoa edo fikziozkoa izan daiteke. Eta kasu honetan Lópezen Gobernuaren gehiengo absolutua bezain fikziozkoa da. Horregatik, osagai sinbolikoek eta kulturalek berebiziko garrantzia hartzen dute fikzioaren eraikuntzan, errealitateak ematen ez duena konpentsatzeko. Halaxe ikusi genuen PSE-EEk eta PPk sinatu zuten hitzarmenean: krisi gordinaren erdigunean idatzitako bederatzi orrialdeko dokumentu hartan, bat eta erdi eskaini zitzaizkion ekonomiari, hezkuntza-hizkuntza-EITB trinomioari hiru eta erdi dedikatu bitartean.
Baina fikzioak mugak ditu, eta ospakizun, kanpaina zein aldizkari banaletako argazkiek ezin dute ezkutatu errealitatea. Horrela, hezkuntzaren arloan, ez dirudi gizartean oso errotuta dauden jarrerak dekretuz alda daitezkeenik. Matrikulazio kanpainan, A ereduaren aldarrikapena porrot ikusgarria izan zen; D ereduaren aurkako Troiako Zaldia (hirueleko eredua) airean dago oraindik, ikasturte berria hasteko hiru hilabete falta direnean; eta eskoletara adoktrinamendu ideologikoa eramateko plana, izoztuta oraingoz.
Kultura Sailean gauzak hobeto egiten saiatu zirela dirudi, edo halaxe interpretatu genuen batzuek, sailburuordeen izendapenak ikusita. Euskararekiko sentsibilitate ezberdin biren arteko oreka hark (bata Kultura, Gazteria eta Kirolean kokatuz, eta bestea Hizkuntza Politikan) bide eman zion hainbati, PSE-EE euskararen unibertsora hurbil zitekeela pentsatzeko. Baina oreka hura euskararen kalterako hautsi dela iradoki zuten geroagoko dimisioek, eta hurbilketaren esperantza zapuztu. Patxi Lópezek berak euskararen inguruan erakutsitako fribolitate eta axolagabekeriak ez zuen asko lagunduko itxaropen hori elikatzen.
EITBri dagokionez, nabarmena da batzuek nahiko luketen normaltasuna irudikatzeko ahalegina. Eztabaida eta parte hartze politikoa modu esanguratsuan murriztu dira, haren ordez banalitatea ezarriz. Horrekin, euskal gizarteak behar duen eztabaida publikoa ukatzeaz gain, EITBren sorrera legeari berari egiten zaio iruzurra (izan ere lege horrek parte hartze politikoa eta euskara zein euskal kulturaren sustapena jartzen baititu medio publikoen helburutzat, inon agertzen ez delarik entretenimendua helburu gisa). Erreferentzia eremua, gero eta nabarmenago, Espainia da, eta digitalizazioa baliatu dute, Lópezek eta Sanzek eskuz esku, Nafarroatik ETB desagertarazteko.
EITBri dagokionez ordea, esan beharra dago PSE-EEren Gobernuak bide errazagoa aurkitu duela beste eremu batzuetan baino. Hogeita bost urtean eraiki den ereduan, telebista eta irrati publikoak Gobernuan zegoen alderdiaren tresna gisa ulertu dira, eta Gobernu honek aurrekoen berdina egin du: postuak aldatu eta probetxu propiorako erabili. Hainbeste aipatu diren zentsura eta betoak ere ez dira Gobernu honek asmatuak, EITBren historian sarritan gertatutakoak baizik. Egia da orain are nabarmenagoak direla joera horiek, baina horrek ez luke aurreko guztia ahantzarazi behar.
Urte bat joan da Patxi López lehendakaria denetik, eta orain arte ezin esango dute arrakasta handirik izan dutenik. Baina lau urte luze dira, eta hasierako oztopoak eta errakuntzak gainditzeko astia ematen du. Alabaina, etorkizun politikoa airean dugu gaur egungo Euskal Herrian, eta nekez da asmatzen urtebete barru zein izango den balantzea. Denborak esan beza.
* Josu Amezaga, EHUko irakaslea