argia.eus
INPRIMATU
Sexu bidezko gaixotasunak berriz hemen
Felix Zubia Olaskoaga 2010ko ekainaren 24a
Asko hitz egiten da uda garaiko gaixotasunez, salmonelosiaz edo eguzkiak eragindako erredurez, esaterako. Baina topikoak hautsiz, eta Euskal Herrian ere ligatzen dela pentsatuz, eta udaran gehixeago, beste gaixotasun talde bati buruz jardun nahiko nuke, sexu bidez zabaltzen diren gaixotasunei buruz.

Gizakia bezain zaharrak badira ere, badirudi azkenaldian ahaztu xamarrak daudela. Bi arrazoi nagusi aipatu nahiko nituzke horretarako. Alde batetik, HIESaren  (Hartutako Immuno Eskasiaren Sindromea) aurkako medikamentuen garapenak nolabait ere berarenganako beldurra aldendu edo murriztu du. Eta bestetik, antisorgailuek, biharamuneko pilula azkena, haurdunaldiaren arazoa arindu digutela dirudi. Bi arrazoi hauek medio, badirudi preserbatiboen erabilera murrizten ari dela noiz behinkako sexu harremanetan, edo behintzat, ez dela behar hainbeste erabiltzen.

Astakeria galanta noski. Alde batetik, HIES bizi-bizirik dagoen zerbait delako, eta gaur egunean, gure artean izaten diren kasu berrien gehiengo handi bat sexu harremanen bidez hartua delako. Medikamentuetan aurrera bagoaz ere, ez da gaixotasuna sendatzerik lortu, eta arriskua hemen dago. Baina bestalde, badira bestelako infekzioak ere, sexu-harremanen bitartez zabal litezkeenak.
Ezagunena beharbada sifilia izango da. Urte askoan ia ezkutatua egon arren, bere intzidentzia handitzen ari da gure artean, eta nahiz eta erraz senda litekeen, askotan ez da diagnostikatzen sintoma nabarmenik ematen ez duelako, emakumeetan bereziki.

Uretritis edo tanto militarrari buruz ere antzerako zerbait esan genezake. Ia baztertua egotetik, geroz eta kasu gehiago ikusten ari gara, jende gaztearengan bereziki. Eta nabarmen gora egin duena genitaletako herpesa da, askotan gainera kroniko bihurtzen dena, eta sendatzen oso zaila dena. Herrialde anglosaxoietan egin du gora batez ere, baina baita gure artean ere, eta gaur egun buruko min askoren eragile da.

Hauei aurre egiteko neurriak ezagunak dira oso, betikoak alegia. Alde batetik, norberak erabakitzen du norekin oheratu ala ez, bere gorputzarekin zer egin. Baina gogoan izan beti gaixotasun hauek ez dutela sintomarik ematen askotan, eta itxura hain osasuntsuko neska edo mutil horrek, barnean edozein gaixotasun eraman lezakeela. Eta beste aldetik, eta hau jakinik, barrera neurrien erabilera, preserbatiboa bereziki. Badakizue beraz. Uda garaian bagaude ere, jantzi txanoa.