Etxarritik Etxarrira arbasoen bidetik

  • Etxarri-Aranatz inguratzen duten basoetan barrena abiatuko gara txangoan, duela milaka urte hemen bizi ziren euskaldunek utzitako trikuharriei segika bidea urratzera. Trikuharriak altxatu orduko zaharra zen pagadia, berez dena baino misteriotsuago bihurtuko du bidelagun suertatu zaigun lainoak.

Etxarri-Aranatz
Etxarri-AranatzGontzal Agote

Sakanako bailararen Arakil azpi-eskualdean dago Etxarri-Aranatz, itsaso gainetik 500 metro inguruko altueran. 2.500 biztanle inguru ditu, Altsasuren atzetik bailarako bigarren populatuena da.

Herria ez da bereziki ikusgarria, baina ibilbide ugari egiteko abiapuntu ezin hobea da. Bertatik bertara dauden Aralar eta Andia mendizerrek eta baso ugariek paisaia eta ibilbide ederrak ezkutatzen dituzte, baita historiak utzitako aztarnak ere. Azken multzo horretan da trikuharrien bidea, iraganarekin eta naturarekin uztartzeko modu bikaina eta erraza, egun erdiz egiteko txango aproposa.

Oso ongi markatutako bidea da trikuharriena. Gehienetan baso itxitik joan beharko badugu ere, ez dago galtzeko inolako arriskurik, uneoro zuhaitzetan edo bide bazterretan agertuko diren seinale hori eta berdeek esango dute ibilbidearen norabide zuzena zein den. Bidegurutzeetan ere marka horiek segitzea aski da zein bide hartu behar den jakiteko. Eta noizean behin Etxarrira itzultzeko falta den distantzia adieraziko duten seinaleak ere agertuko dira.
   
Etxarri-Aranatzeko kanpina da bidearen abiapuntua eta helmuga, ibilbidea guztiz zirkularra baita. Kanpina herritik kilometro pare batera dago; Sakanako autobidetik sartuta.
 

Oinez errazago bizikletaz baino

Kanpinaren kanpoko aldean aparkaleku zabala dago, autoa uzteko toki egokia. Trikuharrien bidea oinez egiteko dago pentsatuta; txirrinduz ere egiten ahal da, baina horretarako sasoi ona eta trebezia handi samarra beharko dira, hainbatetan bidea arriskutsua eta pikua gertatzen ahal baita.

Kanpineko ataritik pista zabala ateratzen da, horixe bidearen hasiera. Lehen bi kilometroak errazak dira, noiz edo noiz autoak ere pasako dira. Bidegurutzea agertu eta pista eskuinean utzita ezkerretara joko dugu.

Izan ere, bi ibilbide egiten ahal  ditugu: hamabost kilometro ingurukoa bata, hamar kilometrokoa bestea. Oraingoan lehena hartuko dugu, besteak beste, horretan hamar trikuharri ikusten ahal direlako. Ibilbiderik laburrenak hiru bat ordu hartzen ditu eta lauagoa da, baina bi trikuharri baizik ez ditu bidean.
 

Erromeria oihartzunak San Adrianen

Hirugarren kilometrora ailegatuta, San Adriango baseliza ikusiko dugu, pagoz eta haritzez inguratutako paraje ederra. Ekainaren 16an ospatzen dute etxarriarrek santuaren omenezko eguna, eta herritik jende andana gerturatzen da bertan egiten den erromeriarekin disfrutatzeko. Baita udalbatza ere, txistulariz lagunduta. Jana eta edana ez da faltako erromerian; banatzen den ardoarekin batera, “gingirriña” –zikiroaren bertoko aldaera– eta postrerako, ohiko “piperopilek”.

Baseliza atzean utzita gorako joera hartuko du bideak, eta lokaztuta bada are zailagoa gertatuko da igoera. 500 metrotik hasita, 959 metrora ailegatuko gara seigarren kilometroan, Irumugarrieta tontorrean. Hori da trikuharrien bidearen goia; izenak argi adierazten duen moduan tontorrak hiru guneren arteko muga egiten du: Etxarri-Aranatz, Burunda eta Ataun. Izan ere, bidearen zati handi batek Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko muga segituko du, etengabe mugarriek gogoraraziko diguten bezala.

Lainorik ez badago, bidean Aralar eta Andia ikusten ahal dira. Hala ere, ia bide osoa pagadi itxi batetik joanen denez, eguzkia nekez sartuko da zuhaitz garaien artean. Lainoa bada, ordea, inguru osoari itxura misteriotsu eta hainbatetan beldurgarria emanen dio.
 

Eta trikuharriak?

Trikuharrien bidea dela esan, eta oraindik trikuharrien aipamenik ez apenas. Laugarren kilometroan agertuko da lehena, Beitzeta, bidetik zertxobait baztertuta. Bidean dauden trikuharriak, ongi adierazita egoteaz gain, hesituta daude. Hauek guztiak Aita Barandiaranek katalogatu zituen, 50eko hamarkadan. Kasu gehienetan aztarna gutxi batzuk gelditzen dira. Denen artean hobekien kontserbatzen dena zortzigarren kilometroan dagoen Txaradigorri da.

Azken batean, trikuharriena aitzakia baino ez da txango atsegin hau egiteko, pagadi barnean denboraz eta espazioaz ahazteko. Arbasoen arrastoei segika, pixkanaka-pixkanaka bideak beherantz eginen du. Ibilbide hasieran bazter utzitako pistara itzulita, bost ordu pasata Etxarriko kanpinean gara bueltan. Lokatzez beterik, baina gustura. Salda beroaren ordua da.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude