Beti-Jai betiko

Madrilgo Beti-Jai
Goiko argazkian, Madrilgo Beti-Jai, XX. mendearen hasieran. Azpian, frontoiaren azken urteotako egoera tamalgarria. Frontoia galzorian egon da, Kultura Intereseko Ondare izendatu duten arte.www.static.com/www.euskaljaialai.com
Madril, 1891. Jose Arana Eskoriatzako enpresario ezagunak Espainiako hiriburuan frontoi bat eraikitzeko eskatu zion Joaquín de Rucoba arkitektoari. Frontoia Donostiako Beti-Jairen ereduari jarraituz eraiki behar zuten, baina Madrilen egonda, Donostiakoa baino hobea eta handiagoa izan behar zuen. Bi urte geroago hasi ziren lanak Marqués de Riscal kalean, Castellana pasealekuaren alboan. Garaiko teknikarik berritzaileenak erabili zituzten, hau da, burdinazko egitura arin eta kurboak.

Madrilgo Beti-Jai 1894ko maiatzaren 29an inauguratu zuten. Arratsalde hartan Portalek eta Pasieguitok Beloki eta Tandileroren aurka jokatu zuten. Eserleku merkeenak pezeta batean ordaindu ziren eta palkoan egoteak, aldiz, 25 pezeta balio zuen.

Lehen urte horietan, pilotaz gain, beste ekitaldi batzuk ere burutu zituzten frontoian: kontzertuak –1897an Iruñeko Orfeoia izan zen–, zaldi erakusketak... Baina ikuskizunak berehala amaitu ziren eta 1904an Beti-Jai Aeronautika Entseguen Zentro bilakatu zen. Hiru urte geroago pilota berpiztu nahi izan zuten, eta hainbat partida antolatu zituzten. Ez zuten arrakastarik izan, besteak beste, prentsak ez zuelako lagundu gainbehera zetorren ikuskizuna saltzen. 1907ko maiatzaren 4an ABC egunkariak zioenez, “Beti-Jai enpresak aurkezten dizkigun pilotariak ikusi baino, hobe duzue etxean lasai gelditu”.

1913 eta 1916 urteen artean, Militarren Eskolaren egoitza bihurtu zen, ikasleek bertan praktikak egin zitzaten. Beti-Jaiko azken pilota partida 1918an jokatu zen eta hurrengo bi urteetan Studebaker auto fabrikatzaileak erabili zuen eraikina. 1924an garaje bat eraikitzeko baimena eskatu arren, ekimen horrek ez zuen aurrera egin.

36ko Gerran komisaria eta presondegi gisa erabili zuten, eta gerra amaituta, Falangeko musika bandak entseguak bertan egiten hasi ziren. Ordutik aurrera, eraikina abandonatuta egon da. Trantsizioan hasi ziren Beti-Jai babesteko ahaleginak, baina ondareari eutsi nahi ziotenez gain, espekulatzaileek ere interesa agertu zuten hiriaren erdiguneko orube garestiari etekina ateratzen.

Zabortegi bihurtua, eraikina bota eta hotel bat eraikitzekotan zirela, Kultura Intereseko Ondare izendatu dute Beti-Jai. Horrenbestez, legeak frontoia zaharberritzera eta gordetzera behartzen ditu Madrilgo agintariak.

ASTEKARIA
2010ko ekainaren 27a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude