argia.eus
INPRIMATU
Bakardadeaz
Ainhoa LarraƱaga 2010ko ekainaren 24a
Bakardadea ez dago modan. Bakarrik zaudela edo bakarrik sentitzen zarela esatea bekatu da gaur egungo gizartean. Lantokian, familian, lagunartean, norbere herrialdean edo atzerrian... jendez inguratuta ere, zenbat aldiz sentitzen gara bakarrik?

Guk nahi ez ditugun lanak eta nahi ez ditugun lan baldintzetan jardutera etorri diren kanpotarrak datozkit burura. Euskara ezagutu ez eta zaintzen duten aitona edo amonarekin elkarrizketak kostata izaten dituztenak. Zenbat ordu elkarrekin, zer esan jakin gabe eta luze pasatzen diren orduak nola bete asmatu ezinik. Kanpotarra bakarrik dago, bere jaioterri eta senideak urrun dituela. Adinekoa ere, bakarrik, bere sorterrian. Bigarrena etxean dago bakarrik, are eta justifikazio zailagoa. Gure adinduen bazterketaz jabetu al da inor? Kaleetan edo bide gorrietan gora eta behera ibiltzea dute eguneroko zeregin nagusia;  hara, garai batean errespetua eta begirunea sorrarazten zuten adinekoak zela tratatzen ditugun.

Bikote harremanek ere eskaintzen dituzte makina bat bakardade ordu, bakardade modu. Sarritan maite ditugunen ondoan ematen ditugun tarteetan ere izaten dira bai, bakardade sentsazio latzak. Harremana ondo ez dagoelako edo seme-alabekin gatazka edo inkomunikazio faseak bizi ditugulako. Familia harremanetako krisitik ihes egitea ez da erraza baina. Gizarte honek ez du ulertzen, edo barkatzen, krisi egoera familiarrei aurre egiteko denbora hartzea edo aldi baterako edo behin betiko familia etenaren aldeko hautua egitea. Epaitzeko joera nagusi izaten da horrelakoetan.

Lantokia ere izan ohi da, bakardade espazio kutuna. Arazo, gaizki ulertu, inbidia edo beste edozein arrazoi dela medio, lantokian ere lankideen artean bakarrik egon gaitezke.

Eta bakardadea oso popularra ez izan arren, apologia egingo diot gaurkoan. Bakardadera heltzeko bidea ikasgai izan ohi da eta bakardadea pairatzen/gozatzen ari garen uneetan ere, gure buruari entzuteko parada paregabea izaten dugu. Ez dago kanpoko zaratarik, isiltasunak gure barrena entzutera garamatza.

Bakardadera sarritan geldiunetik ailegatzen gara. Geratu beharra suertatzen zaigunean eta gure eguneroko abiadatik ihes egitea derrigorra denean geratzen gara bakardadearekin aurrez aurre. Orduan dator egunerokoan erantzun gabe geratzen diren galderei erantzun beharra. Orduan, aurrez aurre gure egia, gure egoera edo gure oraina. Abiada edo egitekorik ez dago, ez dago aitzakiarik gure benetako galdera zailei ihes egiteko. Ezin da bidezidorrik hartu. Iritsi da galderei erantzuteko unea. Gure buruarekin bakarrik gaudenean soilik gara gai galdera zail eta sakonei erantzuteko.