Hau maitia zurekin, esaten diote elkarri Kristianek eta Alfontsok beren Sagarren denboran, Martinezek, Larreategik eta Castrok gauzatutako kontakizunean, gu guztiak sagasti. Manex Pagolak idatzitako kantua Sao Tomeko erraietaraino eramanik, tripetatik sortu kultura organikoa bilakaturik, hango lagunekin emanik bildu nahi izan dute beren historia pertsonala, gu era batera edo bestera partaide sentiarazi gaituen hori. Zarautzeko malekoian euskarak abertzaletu zuen Domintxineko Kristiane nerabe bihurria, bere ironia finez nobioa egiteko etxeko hizkuntzak balio ziola ikasi zuenean. Alfontso gazte futbolariari, gerran hil zioten aititaren isiltasunak ireki zion ezkutuko munduaren zelaia. Aitita ezezagun haren ilunpea argitzera ekin zion. ETArekin aurkitu zen. Eta lotu. Zirkunstantziek eraman zuten Baionara eta Kristianengan bere Mari topatu. Zirkunstantzi pean darama biziaren erdia bere Mari lagun, Saratik zazpi mila kilometrora baina etxeko. Bitartean, gurasoak galdu zaizkio despeditu ezinik, sufriarazi dizkioten torturen artean ezpatena, odola isuri bitartean sentitzen ez dena. Kristiane eta Alfontso biluztu zaizkigu strip-teaserik egin gabe, erakusten digutena kontrolpean borondatezko transmisioa xede. Borrokak adorea galdetzen zuen, eta adoretsu bizi dira, ditugu.