argia.eus
INPRIMATU
Negozio katolikoa
Xipri Arbelbide 2010ko ekainaren 15a
Xipri Arbelbide
Dani Blanco
Ai! Ederrik ikasi dudala joan den hilabetean Elizako ontasunez! [Argia 2.228 zenbakia] Lehenago jakin izan banitu horiek denak! Haurra nintzelarik ez nien egunoroz pinta esnea emanen Heletako gaixoak musu-truk artatzen zituzten mojei. Estatuak ez baitzuen erizainik pagatzen garai haietan. Nire auzoak ez zion batean kilo bat lursagar, bestean dozena erdi bat arrautza emanen neskei eskola musu-truk egiten zion mojari.

Entzuna baitut Iparraldeko neska eskoletan %95 mojek sortuak direla, Paueko artxiboetara joan beharko dut lehenbailehen zinez horrela izan den segurtatzeko! Seguru naiz Isturiztarrek gezurra sakatu didatela 12 urtez. Eliza zaharberritu dute: 70.000 euro! Erakunde publikoek beretua 1905ean, gastuen %75a haiek pagatu zutela sinetsi dut. Ez ahal du diru horren erdia hango apaizak beretzat hartu!

Hamar eurorekin eguna pasatu baitut Vatikanoko erakustokian, seguru naiz Bouyghes-en esku izan balitz urririk sartuko nintzela. Aitortu behar dut izpiritu bihurri batek erran didala hamar zatitan eman lezakeela erakusgai hori eta bakoitzaren sarrera karioago pagarazi. Nolako gaixtakerik asmatzen dituzten zenbaitek besten zikintzeko! Nolaz ez digu ezer erran artikuluak Caritasek eskutan erabiltzen dituen milaka milioiez? Besteak beste Afrikako 800 erietxez goiti bere gain dituela Elizak baitiote, malaria, HIES, umeen beheitiko eta beste artatzeko, jakin ezazue gezurra latria direla horiek denak. Abbe Pierre eta Mère Terexak eskutan ibili milioietarik zenbat ez dituzte berentzat gorde! Ama maitea! Pedro Aramendi lasalletar fraileari Eusko Jaurlaritzak duela bost urte eman baitio Ellakuria saria, ez ahal du dirua Etiopiako palazioetan xahutzen, aire egokituan, gero Franck Ribéry bezalako futbolari famatuei igorriko dizkien adin-gabeko neska ederren konpainian. Eta ez musu-truk!

Marokon, nomada berbereen erdian, egun hemen, bihar han, argi indar, ur eta komunik gabe, 40 urte honetan oihal etxe batean bizi den moja gipuzkoar hura, nongo diruarekin etorri ote da familiaren ikustera duela bi urte? Orain badakit: Elizako ondasunetarik hartua!

Txema Auzmendi jesuitaren etxean bizi diren batzuk etorkin eta preso ohiak direla erran badidate haren lagunek, joka nezake poliziak direla? Horra zergatik den libre atera kargurik gabe. Eta pagatu duen bermea, nondik zeukan ez bada Elizako ondasunetatik?

Flash bat izan dut joan den maiatzean artikulu hori irakurtzean. Giza gaixo inozente bat baizik ez nintzen orain arte. Orain, argi ikusten dut nolako jukutrien erdian murgildurik nagoen.

Eskerrak Jainkoari.