argia.eus
INPRIMATU
Minbiziari aurre hartzeko zer jan
Jabier Agirre 2010ko ekainaren 16a
Pineaple
Duela urte batzuk, Ipar Amerikako National Cancer Institute-k kanpaina bat jarri zuen martxan bertako dieta tradizionala berreskuratzeko, “Indio amerikarrek ez zeukaten minbizirik” lelopean. Geroztik, zenbait herrialdetan minbiziak duen intzidentzia eta herrialde horietako elikadura-ohiturek duten erlazioa behatuz eta konparazioak eginez, zientzialariek janari eta edari batzuen propietate antitumoralak aurkitu eta argitu ahal izan dituzte.

Propietate edo eragin antitumoral horiek hainbat mekanismoren bitartez esplikatzen dira: batetik, elikagai batzuek angiogenesia –tumorea elikatzen duten odol-hodi berrien sorkuntza– inhibitzen dute; bestetik, badira apoptosia edo zelulen heriotza programatua eragiten duten elikagaiak ere.

Aipa ditzagun jarraian minbiziaren kontrako jarduera frogatua duten elikagaietako batzuk:

Brokolia. Hau da minbiziaren kontrako jan-neurriaren elikagai izarra. Indol-sulfurano eta fenetil-isozianato osagaiei esker, eraginkorra da biriketako, koloneko eta azaleko minbizien kasuan. Gainera, beta-karotenoa, C bitamina edo selenioa bezalako antioxidatzaileetan aberatsa da.

Tomatea. Likopeno ugari du, eta antioxidatzaile horrek %85ean gutxituko luke prostatako minbiziaren intzidentzia, eta apur bat gutxiago biriketakoa. Gordinik jatea da onena, baina kozinatuta ere tomateak likopenoari eusten dio.

Piña edo anana. Bromelina izeneko osagaiak minbizia prebeni dezake, tumoreak eragiten dituzten zelulak blokeatzeko gai delako. Baina freskotan kontsumitu behar da, latako ananak, fabrikazioko prozesuan jasandako beroagatik, ez baitu entzima horren propietateak baliatzeko aukerarik.

Zitrikoak. C bitamina asko dute, eta ezaugarri antioxidatzaileak. Horregatik pomeloa eraginkorra da maskuriko, umetoki-lepoko eta pankreako minbizietatik babesteko.

Ahabi gorria. Bere pigmentuei esker, ezaugarri antioxidatzaileak ditu, defentsa-sistema indartzen du, eta gaixotasun degeneratibo eta kardiobaskularren eta minbizien arriskua gutxitzen du.