argia.eus
INPRIMATU
Marugatzeak
Jakoba Errekondo 2010ko ekainaren 16a
Marugatzeak
Txokoaldeko geralekuko marugatzeak
Gregorio Lopetedi Lekunberri donostiar ekintzaileak haritz hostoz elikatutako harretatik zeta ekoizteko saio ugari egin zuen 1880 eta 1890 artean. Saioa saioaren ondotik, gizon kementsu honen asmo guztiak pikutara joan ziren. Haritza bezala, pikuaren pikondo ama ugaria da Irisasi mendian. Mendi honek, Oria ibaia mantsotu eta ibaia eta itsasoa bata beste eta bestea bat egiten diren errioko padura, ur-ustel, istingadi, inta, ihidi eta zanpiurak ikusmenean ditu. Industria hura garatzeko adorearen arrasto ederrak hor daude, mendian ezkutatuta, industria ondare. Beherago daude baina neure gustukoagoak. Tren geltokian.

Alunez altoki dabiltzan aleroek landutako erribera emankorren gainean, Irisasi mendiaren iduneko, hor dantzatzen da trena. Garai batean mendialde honek zuen garrantziaren lekuko hor dauka bere magalean Txokoaldeko geralekua. Gaur toki ezin liluragarriagoko etxetxo politari ez ikusiarena egin eta geratu gabe igarotzen da trena. Merezi du, ordea, bertaratzea. Zetaren kulturaren sasoi hartako lekuko dotoreenak bertan bai daude. Lau marugatze zuri, Morus alba.

Marugatzearen hostoa da zetazko kuskuak egiten dituzten harren jaki gogokoena. Zetaren kulturaren jakintza Europara ekarri zenetik XIV. mendera arte, har hau bazkatzeko marugatze beltza (Morus nigra) erabili bazen ere, harrezkero zuria egokiagotzat jotzen da. Zurietakoak dira Txokoalden trenari, geratu edo ez, itzala eskaintzen dietenak.

Haritzaren hostoekin zeta harrak elikatzeko saioaren porrotaren ondoren marugatzeak zabaltzeko saioren baten lekuko ote dira geralekuko ale hauek? Ea historialari, mugi! Ez dut honoko hauek baino marugatze euskaldun zaharragorik ezagutzen. Hauek bai ondare, gure historiako paisaia kultural paregabe. Eta hor daude, utzikeriak hartuta. Hala eta guztiz ere loretan daude eta aurtengo udan ere inor gutxik dastatzen dituen fruta gozoak partituko dituzte.