Tresna potentea aurkeztu zen ekainaren 10ean Donostiako Dokan. Emakumeen jarduera kulturala artikulatzeko webgunea. Kultur ekitaldietako hiru agenteak harremanetan jarri ditzakeena: horrelako saraoetan biltzen garen publiko gero eta handiagoak badugu gustuko ekitaldiak klik bakarrean eskuratzeko agenda. Antolatzaileek badute sortzaileak ezagutu eta harremanetan jartzeko zerrenda. Eta sortzaileek euren lana erakusteko eta beste artistekin harremanetan jartzeko ataria. Erreminta indartsu hau erabilerak zorroztuko du: sortzaile eta antolatzaileek weba elikatuta koipeztatuko da engranajea. Baina baldintzak aldekoak dira, lan horretara lotu daitezen: antolatzaileak dira ekitaldiaren berri igortzeko interes handiena dutenak, euren publiko zuzena biltzen baita sare horretan. Eta sortzaileek ez dute honen moduko beste eskaparaterik, antolatzaile eta publikoaren begitan agertzeko.
Garaiarekin pare-parean dator webgunea. Oraintxe da garaia publikoak emakumerik gabeko ekitaldi kulturalik, jairik ulertzen ez duena. Oraintxe da garaia kultur eremuetan emakume talde kozkor (kopuruz) eta trinkoa (kontzientziaz) dagoena. Oraintxe da garaia egitekoa.
Aurkezpen egunean Leintz bailarako Hainbat musika taldeak hunkitu gintuen, besteak beste. Plaza hartzeko pausoa nola eman zuten (kultur jarduera guztietan errepikatzen dena) kontatu zuten. Bakoitzak bere eremuan, kontzientzia hartu dugu kultura zergatik egin duten batzuek baino ez, eta zergatik egin duten era batekoa. Eta kontzientzia hartu dugu emakumeak plazara igo direnean, testuinguru horrek guztiak baldintzatutako sormena egin dutela: “Horrela hezi gaituztelako egin dugu (bertsotan, musikan, artean...) horrela gaur arte”. Orain bakoitzak nola egin nahi duen/dugun pentsatu eta egiteko garaia da.