Egoitz Lasa
Aro digitalean default berria publikoa da. Gure identitate digitalak izaera publikoa eta atzemangarria ditu. Pribatua ez da existitzen. Desagertu egin da gure bizitzetatik. Ze ondorio atera dezakegu egoera berri horretatik?
Filosofia interesatzen zaigunontzat ohartxo bat. Filosofo ilustratuen kezka intelektuala solipsismoa izan den bezala, norberaren gogamenaz aparte “beste inor ez ezer” ez existitzea alegia, gaurko gure beldur filosofikoa gure ahotsarekin ez hitz egitea da. “Ni” ez naizela existitzen da perspektiba kezkagarria, nire pentsamenduak benetan nireak ez izatea, nire sentimenduak benetan nireak ez izatea eta abar. Filosofo ilustratuek alor pribatuaren erabateko ziurtasuna zutenez alor publikoa kuestionatzen zuten. Ingurune digitalean alor publikoaren existentziaz erabateko ziurtasuna dugunez alor pribatua existitzen ote den galdetzen dugu. Ez da formulazio zehatza baina tira, alderanzketaren gutxi gorabeherako ideia bat egiteko balio du.
Aro digitala etorri da eta geratzeko dator. Guk zeresan gutxi dugu horretan. Hortaz, gure jardueren izaera publikoa dela-eta izutzeak ez du zentzu askorik. Ordenagailu kumeak gara eta ezin dugu ordenagailuen artean bizitzeko beldurrik izan. Lehenago edo geroago gure jarduera digitalen izaera publikoa onartu beharko dugu.
Ingurune digitaletik ateratzea ere ez zait egokia iruditzen. Nik behintzat ez dut deskonektatzeko asmorik. Funtzional izateari utziko nioke, batez ere alor profesionalean eta sozialean. Sinpleki, ez dut galera hori asumitu nahi.
Gure jarduera guztiak publikoak diren ingurune berri honetan bizitzen ikasi beharko dugula iruditzen zait. Hain txarra da perspektiba hori? Zoritxarrez, gaur egun bai.
Pribatua ez dela existitzen esanaz hasi naiz. Ez da egia. Informazio emariak panoptikoaren eskema jarraitzen du. Guk ez dugu pribatutasunik baina gure informazioa eskura dutenak ilunpean bizi dira. Ikuspuntu pribilegiatuan daudenek guztia ikus dezakete baina guk ezin ditugu haiek ikusi. Asimetria horrek preso egiten gaitu, ingurune digitala kartzela handi bat bihurtzen duelako.
Agian kontrol sozialetik ihes egiten saiatu beharrean, kontrolpean guztiok eror gaitezen eskatzen hasi beharko genuke. Jardueren inguruko gardentasuna guztiona izatea, elite politiko eta ekonomikoen jarduerena barne. Panoptikoan presoek zaindaria ikusi ezin dutenez zaindaria barneratu egiten dute. Presoek zaindaria ikus dezaketenean ordea dena aldatzen da. Maila batean kontrola demokratizatuz askatasuna berreskuratzen da.
Aro digitalean default berria publikoa denez, nago izaera publikoa unibertsala izatea dela gutxieneko exijentzia.