Madagaskar irlako goi-lautadetan bizi diren arratoi beltzak izurritearen gordeleku bilakatu dira. Munduan 2.000 izurrite-kasu inguru gertatzen dira urtero, horietatik 200 edo 300 Madagaskarren.
Uharteak ia 80 milioi urte darama Afrikako kontinentetik bereizita, isolamenduan, baina gizakiak orain dela askoz gutxiago –1.000 urte– eraman omen zuen arratoi beltza bertara. Lehen epidemia 1898. urtean dokumentatu zen; uste denez, Tamatave kaira heldutako ontzi batek eraman zuen Yersinia pestis bakterioa. Hark berehala infektatu zituen arratoi beltzak, Rattus rattus espeziekoak. Arratoi horietako asko hil ziren eta hiltzen dira, baina joan den mendeko 20ko hamarkadaz geroztik arratoi-multzo batek defentsak garatu ditu, eta bakterioaren eramaile bilakatu da.
Madagaskarreko Pasteur Institutuko ikerlari talde batek arestian aipatu arratoien azterketa genetikoari ekin dio izurritea hobeto ezagutu asmoz, ez baita ahaztu behar Afrikan izaten dela munduko izurrite-kasuen %98. Edozein laguntza ongi etorria izango da.