HarraAntonioxalonso-CC By Sa
Jaio eta bizi naizen herrian historia polita izan duen zeta harrari buruz jarraitzeko asmotan utzi nuen aurreko batean berari buruzko aipamena. Urrutikoen berotan hozten utzi gabe helduko diot gaurkoan. Serikultura da zeta harraren hazkundeari emandako langintza. XIX. mendearen bukaeran, etekin onak emateko moduko langintza zela zabaltzeko ikaragarrizko ahalegina egin zuten Espainiako jauntxo batzuk.
Erregeen gonapezaletik beti izan da Gipuzkoan, eta babes hartatik sustatuta zetaren harra bertan hazteko ikerketak egin ziren, Bartzelonako katedradun bat tarteko. Bestetik, Gregorio Lopetedi Lekunberrik sekulako ahalegina egin zuen langintza hori gorpuzteko. Txinatik ekarritako zeta harraren hazkuntza hemen egin nahi izan zuen Usurbilgo Urdaiagako Irisasi mendian, garai hartarako sekulako ola eraikiz. Han haritz hostoz elikatuz hazten zuten zetaren harra. Agidanean, jatorrizko Morus generoko marugatze arbolaren hostoz hazitakoarekin adinako emaitzak lortzen zituen. Frantzian barrena ibili ondoren frogatu zuen, nonbait bere zeta haria egiteko egokia zela eta Donostiako Gros auzoan zeta hura hari bihurtzeko lehen ola antolatu zuen; izena ere halakoxea jarri zion: “Lenbizicoa”. 1880an Tratado práctico de la cría del gusano de seda del roble izeneko liburuxka idatzi zuen. Bere lanaren sona ez zen txantxetakoa izango, izan ere 1882an Burdeoseko azoka ezagunean urrezko domina eman baitzioten.
Haritzetan hazten zituzten zeta har haiek, ordea, arerioa besterik ez zuten. Armiarmak zirela, saguak zirela, txindurriak zirela, liztorrak zirela eta batik bat txoriak zirela... ezin atarramentu onik sortu.
Ekin nahi dionarentzat, ordea, hor dira argitaratutakoak eta egun ondare maila duten arrastoak. Baita haritzarekin batera probatzeko ekarri eta landatu eta oraindik bizi diren marugatze aleak ere.