Lehenengo urratsak

  • Evaristo musikariak Por los hijos lo que sea liburua argitaratu zuen 2001ean. Aitari hala eskaini zion: “Txikitako ikastetxean izan nuen moja batekin aurkitu zen aita urteetara, eta mojak: ‘Zure semeak, abesten duenean, gurutze bat erretzen du agertokian’; eta aitak: ‘Nik eskola onetara eraman nuen ba’”. Iaztik, Aguraingo ikastetxe hori ikastola da, eta ez dauka mojarik. Eta Evaristok, ikastolak antolaturiko aurtengo Araba Euskarazen abestian hartu du parte.
Aguraingo haurral
Aguraingo haurrakIrko Saenz de Buruaga
Aldaketak ez dira errazak. Eta eliza bezalako erakunde baten babespean urteak eman ondoren ikastola txiki bat aurrera ateratzea lan nekeza da. Hori ondo dakite Aguraingo Lautada Ikastolan. Egun, kooperatiba bat da, baina pasa den ikasturtera arte mojek zeramaten ikastetxea. Aldaketa ulertzeko lau urte atzera egin behar dugu. 2006an, mojek eskola utziko zutela adierazi zieten irakasleei. Mojarik gazteenak 68 urte zituen eta jubilazioa ate-joka zuen.

Baina kontua zaila da. Irakasleek bi urte eman zituzten ikastetxearen etorkizunari buruz eztabaidatzen, inolako adostasunik eta antolakuntza marko berririk lortu gabe, eta azkenean, 2008ko ikasturte amaieran, dena bertan behera gelditu zen. Beraz, mojek ikastetxearen gidari jarraituko zutela zirudien, moja eskola izaten jarraituko zuela, nahiz eta garai hartan irakasleen artean mojarik ez izan. Hain zuzen, zuzendaria lekaimeek beraiek jarri zuten.

Baina Partaide, Euskal Herriko partaidetza sozialeko ikastolak biltzen dituen elkartea, harremanetan jarri zen ikasleen gurasoekin, eta bide berri bati ekin zioten. Aste gutxitan, akordioa lortu zuten gurasoek: kooperatiba bat osatu zuten, eta 2008ko azken egunean eskola erosi zuten, titulartasuna eta eraikina barne. Lan moldea, ordea, ez zen gehiegi aldatu, harik eta iazko ekainean azken mojak Aguraingo ikastetxea utzi zuen arte. Esan daiteke, une horretan hasi zirela gauzak benetan aldatzen. Duela urtebete eskas baino ez.

Monoteismoa ez da bidea

Ordura arte zuzendariak zuen pisu guztia, dena kontrolatzen zuen, eta gainontzeko langileek ezer ez zekitela kexu da Maite Ortega, “eta horrela ibiltzea oso zaila da”. Lautada ikastolako zuzendaria da Ortega, eta argi dauka zuzendariak ez duela izan behar denak inguruan dituen irudi zentrala. Hala, bost pertsonaz osatutako zuzendaritza taldea dute Agurainen: Haur Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara dauden ikasgelak koordinatzeko lau pertsona eta zuzendaria bera.

 Ikastolaren antolamendua talde horrek eramatea da helburua, baina pixkanaka, denbora eta dirua behar baitituzte. Bidea egiteko, beste ikastoletako esperientzietara ere jo dute. Esaterako, iazko Araba Euskaraz antolatu zuen Oiongo ikastolara. Teknologia berrietan aurreratuta dabiltza Oionen; Lautada ikastolara kanaberak iritsi zaizkie, baina arrantzatzeko denborarik ez dute izan oraindik. Ordenagailu berriak, arbel digitala, ultraeramangarriak… eskuratu dituzte, baina ikastola berria martxan jartzen ahitu dituzte indarrak. Dena den, datorren ikasturtetik aurrera egunero ordenagailuekin ordu erdi edo ordubete aritzeko asmoa dute, ikasgaietan behar bezala integratuz.

Euskara bai, baina…

Moja eskola zen bitartean, B ereduko ikastetxea zen Aguraingoa, eta ikastola abiatu dutenean, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan D eredura aldatu nahi izan dute. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez die baimenik eman, gauzak poliki egin behar direla argudiatuz. “Hemengo arazoa zein da? Orain arte Agurainen bazegoela eskola publikoa D ereduarekin eta guk B eredua ematen genuela. Orain, guk D eredua jartzen badugu, eredu hori bakarrik egongo da Agurainen eta inguruan dauden herrietan, eta Jaurlaritzak nahiago du eskaintza zabalagoa egotea”, dio Maite Ortegak.

Baina Arabako Lautadan herri euskaldunik izatekotan, Agurain da hori, “eta betidanik gainera. Egia esan, eskola publikoek bultzada handia eman diote euskarari, orain indarrak batu behar ditugu”. Hain juxtu, D eredua ezartzeko administrazioari baimena eskatu aurretik, iritzia eskatu zieten ikasleen gurasoei. Hainbatek ez zuen ondo ikusi, denetik egon behar zuela uste zutelako, baina gehien-gehienak, oso portzentaje altuan, D ereduaren alde agertu ziren.

Euskararen aldeko apustuak, eta orokorrean ikastola finkatzeko proiektuak, ekainaren 20an ospatuko du bere egun handia, Araba Euskaraz jaiarekin. Urte gogor eta nekezari amaiera emango dio festak. Denak, bai irakasleak eta bai ikasleak, aztoratuta dabiltza, ospakizuna dela-eta, baina hurrengo egunean ere lanik ez zaiela faltako jakin badaki Ortegak, maila guztietan dituztelako beharrak. Espazioak moldatzea da, adibidez, lehentasun nagusietakoa; adin desberdinetako ikasleak euren artean elkartu behar ez izatea lortu nahi dute. Halaber, zaharra da eraikina eta obrak egin beharko dira, hainbat gauza konpontzeko eta eskola zaharberritzeko. Itxurari, behintzat, astindua eman diote: hormak margotu dituzte, eta pasilloak eta gelak kolore alaiez jantzi dituzte, ikastera gonbidatuz.

Bestelako kontuak ere baditu Lautadak. Herriko ikasleria eskola publikoarekin partekatzen dute, baina bi auzokideen arteko harremanak ez dira oso estuak. Publikoko ikasleak “ikastolakoak” ziren orain arte, eta beraiek berriz, “mojetakoak”. Elkarbizitza eta elkarlana hobetzeko aurrerapausoak ematen ari dira emeki, baina Maite Ortegak adierazi moduan, hasierak zailak dira. Ondoren, dena da errazagoa.

ASTEKARIA
2010ko ekainaren 13a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude