argia.eus
INPRIMATU
Punk-rock errebeldea esaten diote
  • Ihesbide ::Iheskide

    MusikHerria

    iraupena ::34´46´´

    prezioa ::5€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05a
Elorrioko Ihesbide taldeak ibilbidea eten behar izan zuen taldeko baxu jotzailea atxilotu eta espetxeratu zutelako. Handik denbora batera, baina, bueltan ditugu izenean aldaketa txiki bat eginda eta kide berrien laguntzarekin elkartasuna erakutsi eta abestiak borobilduta. Euskaraz abestutako zazpi pieza eta Cock Sparrer-en bertsio bat batu dituzte; eta diskoa hasi ahala punk-Oi!-a egiten dutela dirudien arren, askotariko doinuak jorratu dituzte, punk-rock errebeldea etiketapean. Hala, Oi!-ak eta 77ko punkak pisua badute ere (NCCk burua altxatuko balu!), Eskandinaviako gitarra punk-rock hard-rockeroak erraz aurki daitezke, baita sasoi bateko MCDren antzeko rock-and-rolla eta –zergatik ez!– baita balada folky bat ere. Ondo borobildutako abestiak dira, mimoz eginak eta mezu zuzen-zuzenekin. Motza egin zait!

www.myspace.com/ihes2de
Mezua da lehenbizikoa eta musika mezu hori anplifikatzeko eta hornitzeko tresna

Gaizka gabe, izena aldatu eta argi zenuten jarraitu behar zenutela?


Ez pentsa. Gaizka espetxeratu zutenean, taldea blokeo egoeran geratu zen. Baina azkenean jendeak, lagunek, senideek eta Gaizkak berak gehienbat emandako animoek ikusarazi ziguten taldea geratzea gure herriak jasaten duen zapalkuntzaren beste garaipen bat izango zela. Hortaz, Ihesbide Iheskidegatik ordezkatu, eta lan hau prestatzen hasi ginen.


Zaila izan da iheskideen disko hau egitea?


Ez, uste baino errazagoa izan da jaso dugun laguntasun guztiari esker. Abestiak aurretik idatzi genituen eta kolaborazio asko izan arren (Edan-eko Endi eta Mikel, Kañeria 13-ko Ulli, Kop-eko Juanra…), guztiak oso erraz joan dira. Hor ere meritu handia izan du Ander “Shinova” teknikariak malgutasun handia eman digulako.

“Amestutako gune batetik amesten dugun herrira”. Gaztetxe askorekin, posible da gaur egungo gizartea iraultzea?


Noski posible dela. Badago esaera bat: “Amuarrainak begi bi, sei ezkailuk hamabi”. Guztiok apur bat eman ezkero, bakoitzak bere ingurune naturalean eta indarrak batuta edozer egin daiteke. Gaztetxeek Euskal Herrian indar handia daukate, usteldutako sistemari alternatiba eskaintzen diotelako.

Durangaldearen eta Arrasateren artean egonda, saihestezina da Oi! ukitua izatea? Iraganean markatu zintuzten Oi!-ak?


Egia da punk-Oi! deritzona asko entzun dugula, baina beste mota askotako musika ere bai. Hala ere, 80ko eta 90eko hamarkadetako Euskal Herriko punk taldeek eman digute inspirazio handiena.


Zuentzat zer da garrantzitsuagoa mezua ala musika bera?


Mezua da lehenbizikoa eta musika mezu hori anplifikatzeko eta hornitzeko tresna. Guk ez daukagu gure burua musikaritzat, musikaren laguntzat baizik. Musika egin eta jotzen dugu, eta Euskal Herriak jasaten duen zapalkuntza egoera gordin eta krudela sufritzen dugun gazteak gara.