argia.eus
INPRIMATU
HH
Edu Zelaieta Anta 2010ko ekainaren 08a
0-6 urte bitarteko haurrak hartzen dituen Hezkuntzako etapari deitzen zaio Haur Hezkuntza (HH) Hegoaldean. 6-12 bitarteko ikasleak Lehen Hezkuntzan (LH) aritzen dira eta 12-16 bitartekoak, berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH).

Nire ustez, bistan da haurtxoek eskolan gero eta denbora gehiago ematen dutela, sistema kapitalistak aita-amok (etxetik kanpo) ekoiztera bultzatzen gaituen bitartean. Eredu honen ondorioz, ikastetxe anitzek bi urteko gelak txertatu zituzten aspaldi eta Haur Eskola franko ireki ziren hor-hemenka. Hala ere, eskaera sozial eskerga dela eta, 3 urte bitarteko haurtxo asko plazarik gabe gelditzen ari dira azken urteotan.

Apirilaren 20an argitaratu zen Oinarrizko Hezkuntzaren Dekretua: elebitasun integratzailea, Euskal Herriaren termino egokitua, normaltasuna…, baina HHren berririk ez. Izan ere, zabaldu ongi betazalak irakurle, LHk eta DBHk bakarrik osatzen dute Oinarrizko Hezkuntza egun: HH ez da oinarrizkoa, HHri ez zaio hezitzaile izaerarik onartzen, HH ez dago legez babesturik.

Susmoa dut, (EAEko) sistemakide agurgarriok, HH bi maiuskula huts direla.