Erromako Aita Sainduaren ez-hutsegintasunaren antzera, 1983an François Mitterranden Gobernuak hirurogei urteetan erretretara joateko ahalaren alde hartu erabakia dogma itsusi baten pare aurkezten digute eskuineko buruzagiek. Nicolas Sarkozy bera iragan astean tehentaz ari izan zen jende (bur)zoratuen begietan Mitterrand zenaren ondarea suntsitu beharrez. Gorrientzat alabaina, bereziki sindikatuentzat langileen eskubideak ukiezinak dira, nahiz eta denborarekin hauek ere zurien arroila berdinera lerratzen diren. Karrikako batasunaren sinboloa hautsiz, maiatzaren 27ko greba egunera ez zuen deitu FOk. Ausentzia horrek menturaz ardura ondoriotsua duke opor bezperetan eta Munduko Futbol Txapelketaren garaietan parlamentuan eztabaidatuko direnean erretreten erreformaren modalitateak. Eta ez dezagula diputatuengan konta gure oinarrizko dretxoen defendatzeko. Berenak segurtatu dituzte eta kito.
Nehork ez du sindikatuen eraginean ilusiorik egia erran. Greba egiten dugu boteretsuek eta merkatuek akuilatu proiektu horren aurka garelako, ez baitezpada sindikalizatuak garelako, biak nonbait lotuak diren arren. Eskubide sozialen kontrako gerla orokor gorde honetan langile-elkarteak ahulegiak dira. Teleberrietan ez zaie hitz une piliskarik uzten politikarien sarraskiak salatzeko edo mobilizazioen nondik norakoak argitzeko. Gobernuaren ahots bilduak baizik ez dira entzuten eta grebek sortu trabak zerrendatzen dituzte kazetari aho-zabalek. Langile arrunt gero eta gutxiago ateratzen da pantailetara, non ez den belaunaldi gazteen moduen klase domestikatuaren alderik txarrenak azpimarratuz, lantegiak zartaraztera doazenean edo beraien buruaz beste dagitenean. UMPk dogmatizatu lana azaldu ezina da jadanik.
Alta, desagertzen doan lan proletarioak du oraindik ere oligarkek partez ordaindu nahi ez duten erretreten erreforma bere sakelatik pagatuko: adin legalaren atzeratzea, lan-urteen zenbakia emendatzea, pentsioen apaltzea eta defizita zehatz batzuen betetzeko hilabetesarian eginiko diru-zurgatze berriak. Mendekoste astelehena jaien zerrendatik ezabatu zuten eran, aipatzen da beste besta-egun baten ebastea dagoeneko lurrean gertatzen denarekiko elkartasun izpirik erakusten ez duten zaharren onerako. Bozkatzaile sutsuenak hauek ditu Sarkozyk. Hamar urte eder dituzte denek begimenean, gero alea jacta est: Europa hau Blade runner edo Metropolis filmakoen girokoa bilakatuko da.
Harritzen nau handizki gu, Frantzia behereko hiritarrak, euskaldunak barne noski, funtsezko langile edo laborari eskubideei zein gutxi atxikiak garen ikusteak. Jende oldeak borrokatu dira horretarako. Ezer ez zaigu oparitua izan. Lan-egun baten ahitzeak izutzen gaitu, nolabait estaltzen dugula antzinakoen altxorraren zaintzeko altxatzen ez bagara anitzez gehiago dukegula galtzeko. Gobernuak, zurrunbilo kultural zentralistek eta etxeko jaun mentalitateko herritarrek destilatzen duten liturgia, litania lanzinantearen maneran errepikatzen dugu, letargia lobotomizatura garamatzala. Gerla mediatikoa irabazi dute eta dogmarik ez dugunotaz jada plazer dutena egin dezakete.
Egitura neoliberalaren helburu ez errana laster erretretarik nehori ez ematea da, 1945ean bideratu segurtasun soziala kentzeraino murriztea eta azken muga, opor ordainduen 1936ko legearen erraustea. Sozial alorrak Chemin des Dames lohitsua itxuratuko duela, interes partikularren eta CAC 40 indizeak gaztigatu merkatu espekulatzaileen meneko baizik ez litekeen gobernu baten legitimitateaz eska lezake batek.
Meli meli lama sabactani?