Gazte (para)literatura tratu txarrei buruz

  • Antton Kazabon ::Aurpegiko ubeldurak

    Elkar

    orrialdeak ::46

    prezioa ::7€

Aurpegiko ubeldurak
Aurpegiko ubeldurak
Hasiera-hasieratik igar dezake irakurleak liburu honen gaia. Paratestuak oso argiak dira, izenburuak iradokitzen duenaz gain Unai Aranaren azalak tratu txarren inguruko ideia azaltzen baitu.

Kazabon dugu, eta horrela aipatu izan dugu besteetan ere, euskal haur eta gazte literaturan esperimentatzeko joera handiena duen idazlea. Estilo aldetik, nola kontatu argumentua, narratzailearen ikuspegia, errekurtso ezberdinak erabiltzeko joera… baita ere gai aldetik ere. Oraingoan, aurretik aipatu bezala, tratu txarren edo genero bortizkeriaren inguruko obra eskaintzen digu idazle ezagunak.

“Egunetik egunera hobeto dago ama. Lehenengo bisitak oso gogorrak izan ziren, baina azken aldian nahiko ongi ikusten dut. Aurpegiz itxura hobea eta hizketan ere zentzuz eta argi”. Horrela hasten da nobela, eta irakurleak ikusi bezala protagonista nagusiaren alaba dugu narratzailea. Enara, hamazortzi urteko neska, dugu narratzailea eta amari jazotakoa kontatuko digu apur-apurka, baina baita etxean anaia gaztearekin bizi behar duen egoera gogorra ere. Izan ere, ama ospitalean dago aitak emaniko jipoiaren ondoren, baina hasieratik iradokitzen den bezala, borroka horretan amak aita hil egiten du eta azken gertakari hori ez du onartu nahi Enararen anaiak. “Zergatik geratu gara aitarik gabe?” galdetuko du Lukax gazteak, “haserretzean denok hasten gara sesioan, neska. Eta aita ere tarteka haserretzea normala izango zen”.

Argumentuaren korapiloan, bestalde, gizonezko bi gehiago ageri dira, Enararen mutil laguna, laguntzeko prest ageri dena, eta Erramun, aspaldiko ezagun bat eta orain Enararen amarekin harremana hasi nahi duena. Horrek guztiak sentimendu, jarrera eta jokabide ezberdinen aukera azaltzen du, baina protagonisten artean eboluzio txikiarekin; hots, protagonistak nahiko lauak dira.

Alde horretatik onartu egin behar da honelako gai baten inguruan nobela bat egiteko apustua, horrelako egoeren ikuspegi eta jokabide ezberdinek sortaraz dezaketen elkarrizketa eta eztabaida; baina, era berean, horrek berak testuaren irakurketa nahiko sinplea bultzatzen duela esango nuke.

Duela gutxi Iban Zalduak “gazte literaturaren aurka” idazten zuen, gazteentzat apropos eginiko liburuek kalte egin diezaioketela literaturari eta horien ordez literatura klasikoak errebindikatzen ditu gazteentzat, “agian ez du liburua osoro ulertuko (…) baina literatura benetan zer den asmatzen hasiko litzateke”. Kazabonen lan honek gaiaren aldetik apustu eta esfortzua eskatu duen bezala, ez dut uste literatura aldetik, istorioaren eta protagonisten garapenean asmatzen duenik.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude