argia.eus
INPRIMATU
Andaluziar bat katalanez
Paula Kasares 2010ko ekainaren 08a
Egunotan erruz ekarri dute berripaperetara eta berriorri digitaletara joan den maiatzaren 24an Jose Montilla presidentak Espainiako Senatuko Autonomia Erkidegoen Batzorde Nagusian egindako hitzaldia. Mintzaldi hartan katalanean eta gaztelanian ez ezik, galego eta euskara apurretan ere busti omen zuen mingaina Generalitateko buruak belarri anitzendako minkor. Estatuko hizkuntza aniztasunari lekurik eman nahi ez diotenak mutur beltz jarri ziren. Bitartean, egun horretan Estatuko hizkuntzetara itzulpenak egiteko kontratatutako zazpi itzultzaileei nahas-mahas galanta sortu zien Montillaren mingain bihurrituak.

Baina itzultzaileendako nahasbidea bezala, bokazio espainiazale hetsia dutenendako xaxatzaileak izan dira Montillaren hitzak eta bi dira, batik bat, hizkuntza fundamentalistei barkakizun iruditu ez zaizkienak:

Alde batetik, kostua: presidentaren apeta garestia atera omen zaigu denoi, 6.000 eurotik goiti. Barkaezina halako diru xahutzea, noiz eta estutasun ekonomikoak sos bakoitzari bi aldiz begirarazten gaituelarik. Senatuaren erregelamenduan aurreikusitakoa baino gertatu ez bazen ere, hedabide ez gutxik Montillaren hitzaldi eleanitza bitxikeria lotsagarritzat agertu du. Izan ere, aniztasuna garestia da, garestiegia batzuendako.

Bertzaldetik, itxuragabekeria: presidentaren gutizia zentzugabea izan da. Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak esperpentikotzat, zentzugabekeria jasanezintzat jo du Chaves andaluziarrak bere herrikide den Montillari ulertzeko itzulpen-entzungailuak paratu behar izana. Biak andaluziarrak izanda, guztion hizkuntzaz egin beharrean, katalana erabiltzera nabarmenkeria hutsez tematu omen zen presidenta. Montilla izan ordez Puigmarí, Capdevila edo Dalmau izan balitz, barkakizun izanen bide zekiokeen katalanez egitea, baina Andaluzian sortua izanda inola ere ez. Andaluziarra izanda, nahiz eta Catalunyako Generalitateko presidenta izan, Espainiako ministro (andaluziar) bati katalanez egitea berebiziko zentzugabekeria da.

Oraindik ere anitzek gutxiengo hizkuntzak –estaturik gabekoak erran nahi dut– etnohizkuntzatzat hartzen dituzte: talde etnikoari lotuak, bertakoen gauza baino ez balira bezala. Hau da, hizkuntza erregionalak bertakotasunaren pedigriaren bitxikeria dira hautua baino; arrazaren patutik ihes egin ezin dioten ajeak, hatz hematologikoa duen ezaugarri kulturala. Hizkuntza komuna izanda, zer ari da andaluziar bat katalanez?