Bukatzen ez den katea osatzen ari naiz Madeirako bueltaxkaren etekin. Izan ere hura landare-jana, hura janka.
Gure mendienak baino dezente handiagoko malkarrak dira hangoenak. Horrek nekazariei lana zaildu die, baina baita asmoak eta pentsabideak ere. Zaildu eta zorroztu. Ikustekoak dira hango terrazen plantak. Nahi gabe ere, harri haiek bata bestearen gainean jarri dituztenen eskuak irudikatzen dira. Zorabiatzeko moduko pendiz haietan bizimodua moldatu dutenak, haiek bai artistak! Eta artistek pizgarriak behar. Eta pizgarriak munduak sortzen ditu; tokian tokiko munduak, bertakoak. Eta pentsakeraren mundu horiek ez dira axaleko. Sumatu baldin badaiteke ere sakoneko hartu eta emanak azaleratzen du toki bakoitzeko mundu hori. Uharte honetan, adibidez, bi landarerekin duten ohiturak arreta piztu dit. Lagun bidaidearen amak, Maria bertako alabak, kautxu-landarea (Ficus elastica cv. Decora) eta farfugio pinttarra (Farfugium japonicum cv. Aureo-maculata) ezin ditu etxean ikusi. Bere onetik ateratzen dute landareok hilerritik kanpo ikusteak, eta bere aitak hala esaten omen zuen: landareotakoren bat etxeren batera inguratuz gero, hiletaren bat ez dela urruti izaten... Kanpotik, Portugalek izandako koloniatatik ekarritako landareak dira biak; India aldetik lehena eta Japoniatik bestea. Beren kulturan, kolonietan hildako milaka eta milaka lagun portuges eta bertako txertatuak izango dituzte bere iruditerian landare hauek tarteko. Kanpokoak direlako soilik ere izan daiteke, bestetik bereiziz sortzen baitugu gure burua. Bere burukomin eta guzti. Geure minen etxeetan lasai asko darabilzkigu bi landareok...