Gipuzkoako Beizama herriak 190 biztanle ditu. 2009ko iraletik zortzi etxebizitza eraiki berri pellet galdara erabiltzen ari dira ur beroa eta berogailua izateko. Beizamako Udalak enpresa bati esleitu zion pellet galdararen instalazioa eta baita ondorengo mantenua ere. Hainbat urtetan, enpresa hori arduratuko da berotze sistemaren mantenuaz eta bizilagunei kobratzeaz. Behin inbertsioari buelta emandakoan lehiaketara aterako da berriz. Pellet galdara zortzi etxebizitzetara lotua dago hodi sarearen bidez. Etxebizitzak ez ezik Udaletxea, Natur Eskola eta Udalaren aterpetxea ere hodi sareak batzen ditu. Oraindik ez dira hasi azken horietan pellet galdara erabiltzen, baina asmoa urtea bukatu baino lehen hastea da.
Pelleta Bizkaitik ekartzen dute, eta beraz, erosi egiten dute. Oraindik proiektu zehatzik ez badute ere, Beizamako Udalean badakite aukera egongo litzatekeela pelletaren ordez egur ezpala erabiltzekoa. Beizamako herri basoetan biomasa nahikoa dago galdara elikatzeko. Bertako lurretako egur hondakinak baliatuko balituzte hainbat onura lortuko lukete: batetik, ezpala gas propanoa eta pelleta bera baino merkeago atera daiteke, eta bestetik, bertan ekoitzitako lehengaia baliatuko litzateke eta bertan kontsumitu. Horregatik, orain duten 220kWko galdara bi erregaientzako prestatua dago, bai pelletarentzat eta baita ezpalarentzat ere.
Etxebizitzako bizilagunak gustura dira, lehen hilabetetako doiketa arazoez gain, etxea eta ura primeran berotzen dituztelako. 2010. urtea bukatzerako lehen aipatutako hiru eraikin publikoak sistema berriarekin abian jartzea falta zaie. Eta beharbada, laster animatuko dira Beizamako basoetatik egur ezpala atera eta galdara elikatzera.