Eusko Ikaskuntzak Ondare aldizkarian arte plastiko eta monumentalei eskaintzen die arreta berezia. Azal koloretsuz aurkeztu dute 27. zenbakia; mamian berriz, honakoak aurkituko ditu irakurleak: Sergio Ciordiak Hego Euskal Herriko parkeei buruz idatzitako artikulua; Ana Leisek eta Iñaki Madariagak San Agustinen ordenaren arkitekturaz idatzi dutena; egile berberen eskutik Bizkaiko udaletxe neoklasikoei buruzko ikerketa; Francisco Javier Muñozek AC/GATEPAC taldeak gerra aurreko Euskal Herrian bultzatu zuen arkitektura berriari buruzko testua; edota Maria Josefa Tarifak Zigako, Lekarozko eta Gartzaingo Berpizkunde garaiko elizez idatzitakoa, besteak beste.