argia.eus
INPRIMATU
Hau onartzen baduzu, zure haurrek ordainduko dute
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2010ko ekainaren 02a
James Dean Bradfield
James Dean Bradfield, taldeko abeslaria.Ashley R. Good / CC-by
If you tolerate this your children will be next.
Manic Street Preachers (This is my truth tell me yours diskotik).
Epic (1998).


Kintilianok zioenez “suaviter in modo, fortiter in re” da arrakasta lortzeko formula. Maneretan bigun, helburuetan gogor. Manic Street Preachers taldea deskribatzeko ere egokia da esaldia. Pop talde galestarra da Habanako Karl Marx teatroan jo zuen lehen mainstream banda mendebaldarra, doinuetan lasaia, hitzetan engaiatua. Oso ibilbide irregularrekoa, nire gusturako, baina noizean behin perla batzuk utzi dituena.

1998ko This is my truth tell me yours da horietako bat. Diskoa aurkezteko erabili zuten kanta, If you tolerate this your children will be next, 36ko Gerraz ari da. George Orwellen Kataluniari omenaldia eta The Clashen Spanish bombs inspirazio iturri, krimen historikoak memoriatik zein erraz ezabatzen ditugun salatzen du: “Balak zure burmuinean gaur/ baina berriz dena ahaztuko dugu/ boligrafotik papereratutako monumentuek/ errairik gabeko koldar bihurtzen naute”. Eta behin eta berriz, James Dean Bradfielden tinbre zorrotzak errepikara garamatza: “Hau onartzen baduzu/ zure haurrak izango dira hurrengoak”.

Lau greba izan dira artikulu hau idatzi dudan astean bertan; etorriko dira gehiago; ura baino gardenago ikusten da krisiarekin shock doktrina erabiltzen ari direla eskubide kolektiboak larrutzeko; eta gauza ekonomikoa bazterrean utzita ere, ikusi besterik ez dago gure hezkuntzan onartu asmo duten “Bakerako Plana” –Pax Romana inondik ere–. “Hau onartzen baduzu/ zure haurrak izango dira hurrengoak”. Harrigarria, kanta batzuek testuinguruz aldatuta hartzen duten esanahia.

Baina abestiaren hitzek jarraitzen dute: “Grabitateak burumakur nauka/ edo agian lotsa da/ hain gazte izateagatik/ eta hain hutsala”. Erremateko figura, porrotarena, crescendo batekin marrazten du taldeak: “Eta kalean gauez agure bat dabil jolasean/ bere egun loriatsuetako egunkarien adabakiekin”. Zerbait egitea norberaren esku dago. “Suaviter in modo, fortiter in re”, baina ez dezagun hau guztia onartu, gure haurrek ordainduko dute-eta.