Orain dela gutxi musikari bizkaitar batek aitortu zidan oso zaila egiten zitzaiola euskalkian idatzi eta abestea. Zuentzat hala da naturalena edo behartu egiten duzue zuen burua?
Berezko kontua da. Batzuetan euskara batuan idazten ditugu, baina disko honetan batez ere ondarrutarra asko agertzen da, abestiak Ondarroako gauzez, irudiez eta istorioez direlako; hala atera dira.
Disko honek askatasun sentsazio handia eragin dit. Hala izan da? “Ereizten” zaizuena egin duzue?
Esan diguten gauza politenetako bat da, eta baita disko honen gakoa ere. Berau prestatzen hastean ez genuen inolako irizpiderik jarri; bakoitzak nahi zuena egin zuen beldur guztiak alde batera utzita. Eta zerbait bada, hori da gaueko kalapitxien askatasuna, nahiz eta jakin bonbillan erreko direla.
Pettik oso parte ederrak kantatu ditu. Argi zenuten bera izan behar zela?
Hasieratik. Gure ahotsen aurrean beste ahots grabe eta rockero bat sartu beharra zegoela konturatu ginen eta zein hobeto Petti mundu mundialeko abeslari onena baino.
Zer puntutan dago orain Piztiak?
Oso gustura gaude egindako lanarekin; seguruenik orain arte egin dugun disko onena da. Orain Josu Aranbarri baxu jotzaileak egindako pintura, argazki eta bideo erakusketarekin gabiltza. Aurrerago, Lo abestiaren bideoa eta Gabeko kalapitxiaken film laburra egin behar du Josu Eizagirrek.
Zerk kentzen dizue Loa?
Gehienbat ez dagoela musika taldeen jarraitzaile ezta entzule askorik; interesa galdu dela kontzertuetara joateko, diskoak erosteko… Kultura hori galtzen ari da eta guretzat guztia izan da, bizitzeko modu bat.
Natura ia etengabe agertzen da zuen hitzetan, izenburuan... Ez al genituen ba rocka eta rockeroak urbanitekin lotzen?
Gu ondarrutarrak izanik beste era batera ezagutu dugu rocka. Ondarroako gau zoro batera etorri baino ez duzu…