argia.eus
INPRIMATU
Funtzionario naizen hau
Xabier Etxaniz Erle 2010ko ekainaren 03a
Xabier Etxaniz Erle
Xabier Etxaniz ErleAlex Larretxi
Azken garai honetan erabat harrituta utzi nau funtzionarioen kontrako jarrerak hainbat komunikabidetan, eta ez leihatilan daudenen artean erantzun zakarrekoak ezagutu ez ditudalako, horien ondoan atseginak, pazientzia handikoak ere ezagutu baititut.

Harritu naute bi kontuk. Batetik funtzionario figura horrelako jendearekin erlazionatzeak, zakar erantzun, alfer fama... duen jendearekin. Eta bestetik krisi garaian behin-betiko lanpostua duten horien kontrako jarrerak. Behin-betiko lanpostua dutenez estutu daitezela!

Niri, berriz, funtzionarioei buruz hitz egitean nire postaria datorkit burura, belauna gaizki izanik ere laugarren pisuraino igotzeko prest liburuak dakartzanean; edo gure hiriko kaleetan lorategietatik zakur kakak kentzen aritu ohi diren lorazainak, ospitaletako hainbat ezagun... eta beste lagun asko, ni bezala unibertsitatean edo euskal kulturaren alde aritzen direnak; dagoen politikaria egonik hor lanean jarraitu duen jendea, beren ideiak bultzatzen, beren lana egiten, epe luzerako proiektuetan parte hartzen.

Edozein erakunde publikotan gaudenok dagoen jendearekin moldatu behar dugu, ezin dugu hau kendu eta hori ekarri. Ezin dugu gogoko dugun laguna edo egokia iruditzen zaiguna kontratatu besterik gabe, ezta bestelako ideiak edo jarrerak dituena bota. Eta, hain zuzen, horixe du alde erakunde publikoak, iraunkortasuna ematen dizula eta baita gardentasuna ere jendea kontratatzean. Baina alde ona duen bezala badu ere bestelakoa; nire lagun mediku bati pribatuan aritzen zen beste lankide batek esan zionean zein ondo bizi ziren Osakidetzakoak orain krisi garai honetan nire lagunak erantzun zion moduan, gu beti bizi gara antzera, diru gutxiago dagoen garaian baina baita ekonomia primeran ibili eta beste batzuek soldatak ederki igo dituztenean ere. Castillo Suarezek zioen bezala: “Askori, funtzionario hitza aipatzean, burutara datorkie leihatila batean dagoen pertsona, eginkizun handiegirik ez duena eta ‘etor zaitez bihar inprimakia beteta’ esaten duena modu zakarrean. Gutxiago jabetzen dira ebakuntza bat egin behar digutenean esku-ohean eramaten gaituena ere funtzionarioa dela, herriko festetan oholtza muntatu eta desmuntatzen duena, bigarren hezkuntzako institutuko atezaina, haur eskolako zaintzaileak, parkeak ureztatzen dituzten lorezainak... Horiek ere funtzionarioak dira, baina ez dituzte soldata onak inondik ere, areago eremu pribatuarekin alderatuta”.