"Etengabeko laguntza humanitarioak Haitiko ekonomia deuseztatzen du"

  • Arnold Antonin –Cannesko festibalean eta FESPACOn saritua– Haitiko lurrikara gertatu eta berehala hasi zen Chronique d´une catastrophe annoncée (Iragarritako hondamendiaren kronika) filmatzen. Lurrikaran hil ziren 250.000 pertsonen heriotzan utzikeria politikoak zenbaterainoko ardura duen salatu nahi izan du.
Arnold Antonin
Arnold Antonin, zinema zuzendari haitiarraArnold Antoninek utzia

Urtarrilaren 12an lurrikara gertatu zen Haitin. Lurra 7 graduko indarrez astindu zuen (Richter eskalan) eta Port-au-Prince hiriburutik 15 kilometrora izan zen epizentroa. Nola bizi izan zenituen segundo horiek?


Arratsaldeko 16:53an gertatu zen. 30 segundo izan ziren. Ni etxera iritsi berria nintzen, ohikoa baino lehenago irten bainintzen bulegotik. Lurrak dar-dar egin zuen eta berehala etorri zitzaidan burura: kito, heldu da. Bagenekien Haitin une batetik bestera horrelako zerbait etortzear zegoela eta momentu hura heldu zela jakin nuen.

Zein izan zen jendearen erreakzioa lurrak dar-dar egin zuenean?


Modu desberdinean jokatu zuen jendeak. Kalean zeudenetatik batzuek eraikinen barruetara jo zuten, zorigaiztoko erabakia izan zen; beste batzuk kalera irten ziren… Orokorrean builaka hasi zen mundu osoa. “Jesus! Jesus!” oihukatzen zuten. Gurea oso herrialde erlijiozalea da eta Jainkoari deika hasi ziren asko. Munduaren amaiera zela oihukatzen zuten emakumezkoak entzun nituen.
Eta lurrak astintzeari utzi zionean nolakoa izan zen jendearen jokabidea?
Ikara sentsazio orokorraz gain, ekintzari berehala heldu zitzaion. Segituan hasi zen jendea lurperatutako gorpuen bila, hondakinen azpian harrapatutako gorpuak ateratzen, zaurituak ospitalera eramaten… Segituan gainezka egin zuten ospitale guztiek. Ikara nagusitu zen, neurri batean komunikazio guztiak eten egin zirelako baita ere. Ez zegoen irratirik, irrati guztiak suntsitu ziren bakarra izan ezik eta irrati horrek (Signal FM) etengabe egin zuen lan. Antolatzaile kolektiboa izan zen, herrialdean bizirik zegoen ahots komunitario bakarra. Nik ere horra jo nuen nire familiari bizirik nengoela esateko eta hortik irten ziren atzerrirako mezuak.

Estatuak zein jarrera izan zuen?


Estatua erabat desagertu zen. Ordurako oso ahula zen Haitiko Estatua; ez dio inolako zerbitzurik eskaintzen herrialdeari, ez da ezertaz arduratzen. Gainera, lurrikararen ondorioz eraikin publikoak desegin ziren. Palazio Nazionala, Parlamentua, Justizia Jauregia… Estatuko hiru botereak etorri ziren behera fisikoki. Gobernuak ez zuen inolako presentziarik agertu, ez zuen irratia baliatu herrialdeari aginduak emateko, hamabi egun pasa ziren lehendakariak herriari hitz egin zion arte.


Hogei urte inguru dira adituek lurrikara handi bat gertatuko zela ohartarazten hasi zirela. Azken urte hauetan gertatuko zela aurreikusi zuten eta horretarako neurriak eskatu izan dituzte hainbat elkartek. Zer gertatu zen eskari horiekin?


Haitik aurretik jasan zuen azken lurrikara indartsua orain 200 urte gertatu zen baina azken urteetan hainbat lurrikara txiki bizi izan ditugu eta horiek zetorrenaren aurrekari zirela ohartarazi zuten sismologoek. Herrialdea bi faila aktibok zeharkatzen dute eta Port-au-Prince horietako baten gainean dago eraikia. Gizarte mugimenduek ere prebentzio neurriak eskatu zituzten eta herritarren hezkuntzarako beharrezko neurriak har zitezela. Pertsonalki simulazio nazionala egin zedila eskatu nuen, jendeak nola erreakzionatu behar zuen jakin zedin. Milaka haitiarrek martxa batean parte hartu zuten “Suizidio kolektiboari ez!” lemapean.

Zein harrera izan zuten eskari horiek?


Estatuak ez zien eskariei erantzun. Prebentzio Zibil Nazionala izeneko erakundeak saiakera egin zuen, zikloien aurkako zenbait neurri hartu ziren, aurretik herrialdea hainbat zikloiek astindu zutelako baina lurrikarei dagokienez ez zen ezertxo ere egin. Estatu haitiarra herritarrenganako arduragabekeria kriminalean bizi den estatua da.

Lurrikara gelditu zenean berehala hasi zinen lanean.


Lurrikara gelditu zenean dena birrinduta zegoela jakin nuen, jendea entzuten nuen oihuka eta berehala kamera-gizona kalera irten zen irudiak biltzera. Lana koordinatzen aritu nintzen eta hurrengo egunean irten nintzen gertatu zena bertatik bertara ikustera eta horrelako egoeretan zinemagileak nire ustez egin behar duena egitera, hau da, testigantza ematera. Banekien inork gutxik egingo zuela lan hori eta hedabide erraldoietako irudiak izango zirela nagusi, baina haiek betikoa erakutsiko zutela eta haitiar baten ikuspegitik gaia landu beharra zegoela ikusi nuen.

Zein harrera izan du Chronique d´une catastrophe annoncée dokumentalak?


Haitin estreinatu zen eta terapia modukoa izan zen. Ez dira haurrei erakutsi beharreko irudiak, baina helduek ikusi beharrekoa dela uste dut. Errealitateari begiratu egin behar zaio egoera gainditu nahi bada eta Haiti memoria gutxiko herrialdea da. Eskandalu batek bestea estaltzen du, hondamendi batek bestea… Hondamendiz hondamendi bizi gara eta horrela ez jarraitzeko gertatutakoa aztertu beharra dago. Gertaera naturalak ezin dira saihestu, baina behar baino jende gehiago hil zen lurrikaran, 180.000 pertsona bizirik egon zitezkeen zenbait neurri aldez aurretik hartu izan balira.

Nolakoa zen Port-au-Prince hirigintza eredua lurrikararen aurretik?


Port-au-Princeko hirigintzaren ezaugarririk nagusiena da hirigintza eredurik ez duela. Hiria kasu ezaguna da mundu osoan, kaleek osatzen duten kaosarengatik, trafikoarengatik, zabor tontorrengatik… Port-au-Prince mega-fabela bat zen lurrikararen aurretik. Demografia jasangaitza duen hiria da gainera, gainpopulatua dago oso, eta ez du zerbitzu publikorik.


Lurrikara gertatu ostean zein egoeratan geratu da hiria?


Bonbardatua izan den hiria dirudi eta errefuxiatuentzako guneetan bizi da jende asko. Lau hilabeteren ostean hasi berri dira zenbait neurri hartzen, baina orain arte ez da neurririk hartu jendearen egoera aldatzeko.

Nazioarteko laguntzaren beharra aipatu izan da sarri, baina laguntza hori arrisku bihur daitekeela dioenik ere bada. Zein laguntza izan daiteke Haitirentzat erabilgarrien?


Esan beharra dago nazioarteko laguntza mundu osotik iritsi dela. Baina Estatu haitiarra existitzen ez denez, ez dago laguntza horren banatzea koordinatzeko gaitasunik. Laguntza hori iraunkor bihurtzen denean dator arriskua, batez ere laguntza janariarena denean; bertako nekazaritza produkzioa suntsitzen baita. Herrialdea Karibeko Somalia bihurtu dela diote aditu batzuek, non etengabeko laguntza humanitarioak ekonomia desegin, fiskalizazioa oztopatu eta estatua ahultzen duen, herrialdearen kudeaketa Gobernuz Kanpoko Erakundeen esku utziz. Egokiagoa litzake, adibidez, bertako produktuak erostean oinarritzen den laguntza, orain Frantzia egiten ari den moduan. Era horretan, laguntza ekonomiaren suspertzaile ere bihurtzen da eta herrialdearen garapenerako bultzadatxoa da. Bestetik, asistentzia politikoaren arriskua aipatu beharra dago. Zenbait boterek herrialdearen ardura hartzen dute bere gain eta Haiti haien nahierara berreraikitzeko arriskua dago.

Egun iristen ari den laguntzak non bukatzen du?


Datu desberdinak dauzkagu iturrien arabera, baina esan daiteke gutxienez iristen den laguntzaren %60a berriz ere herrialde emailearengana bueltatzen dela. Dela garraioa, direla garesti kobratzen duten adituak, direla herrialde horrek produzitzen dituen materialak, dela segurtasuna… Laguntzaren %80a jatorrizko herrialdera bueltatzen dela dioten datuak ere badira. Datuetatik harago, kalean solidaritate kasu asko ikusi ahal izan ditut. Adibidez, Dominikar Errepublikako hainbat nekazari kamioietan igota etorri ziren kaltetuei barazkiak eramatera. Bat-bateko laguntza sortzen zen edonon. Gizakiaren alderik ederrena sentitu ahal izan dut, baina denetik egon da. Azkenaldian superstar asko pasa da baita ere haurrekin argazkiak ateratzera; espektakuluaren gizartearen parte da, noski.

Esaldi ezaguna da krisi egoera guztiak aukera egoerak direla dioena. Zein dira gaur Haitik parez pare dituen aukerak?


Lehenik eta behin, herrialdea era koherenteagoan eraikitzeko aukera dugu eta horretarako beharrezkoa da lurralde antolaketa plana. Horrez gain, haitiarrak baztertzen dituen gizarte ereduarekin amaitzeko aukera dago, gizarte guztiz baztertzailea baita. Gutxi batzuek Haitin bizitzea lortzen dute, nik lortzen dut, baina egoera guztiz jasangaitza da. Nola bizi daiteke horrenbeste miseria inguruan izanda? Edo axolagabea zara edo egoera horretaz baliatzen den putrea, baina bestela ezinezkoa da. Herrialdea berreraiki beharra dago oinarri ekologiko, kultural eta sozial berrien gainean eta baliabide historiko eta artistikoetatik indarra hartuz. Lurrikararen ostean Haitiko herri osoa gizaki bakarra bailitzan mobilizatzeko aukera zuen Gobernuak eta ez zuen ezertxo ere egin. Jendea argibideen zain zegoen, egin behar zena egiteko prest.

Hedabideetan Haitiri buruz hitz egin denean biztanleriaren baldintza humanitarioak sarri aipatu dira, baina ezer gutxi esan da bertako egoera politikoari buruz. Nola deskribatuko zenuke?


Egoera politikoa behin-behinekoa da. Lurrikara Parlamentua berritzekotan zenean gertatu zen eta ez da berritu, Justizian egitekoa zen erreforma ere ez da egin eta Errepublikako lehendakariak datorren urteko otsailean amaituko du agintaldia. Gainera, Parlamentuak Gobernuari hemezortzi hilabetez botere osoa onartzeko legea atera du aurrera. Horrez gain, erakunde bat sortu da herrialdearen berreraikitzea kudeatzeko. Erakundearen buru Bill Clinton eta Haitiko lehen ministroa izango dira.


Zu MAB (Haiti Eder Baten Aldeko Mugimendua) herritarren elkarteko buru zara. Zein proposamen egin duzue berreraikuntzarako?


Berreraikuntzaz arduratuko den erakunde baten sorrera eskatzen dugu, erakunde nazionala baina gobernuekiko independentea izango dena. Gure proposamenari entzungor egin diote, beste plan bat dute eta dena erabakita dagoela dirudi.

Zer da Haitik itxaropenerako eta berreraikuntzarako duen baliabiderik preziatuena?


Nik uste bere herria dela balorerik preziatuena, munduan eskulan merke gisa erabiltzen dutena eta hezi beharreko baliabide gisa ulertu beharko litzatekeena, duen hoberena eman dezan. Herri langilea da eta oso baketsua, sortzailez eta artistaz betea. Kontuan izan behar da, bestalde, biztanleriaren %50ak 20 urte baino gutxiago dituela eta, beraz, gazterian inbertitu beharra dago. Nik badut formula bat: %40 hezkuntzan, %40 ingurumenean eta %20 gainontzeko beharretarako.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude