Bilboko Alondegiak ateak zabaldu ditu, hamar urteko eraberritze lanen ostean. Philipppe Stack frantziarrak diseinaturiko aisialdi eta kultur zentroa eraikitzeko 75 milioi euroko aurrekontua bideratu du Bilboko Udalak. Pasa den astean erakustaretoak eta auditoriuma inauguratu zituzten; hilaren 27an Ricardo Perez sukaldariaren jatetxea irekiko dute, 28an Golem kateko zinema aretoak, ekainaren 1ean igerilekuak eta gimnasioa, eta ekainaren 15ean liburutegia.
Txuspo Poyo artista nafarrak hiru dimentsioko animazioak, eskulturak eta marrazkiak harremanetan jarri ditu Gasteizko Artium museoan. Nazio Batuen Erakundearen Manhattango eraikina hartu du abiapuntutzat.
Nestor Basterretxea eskultore bermeotarra omendu dute Baionako Euskal Museoak, Bonnat museoko Carré aretoak eta Herriko Etxeak. Batetik, bi erakusketa izango dira ikusgai museotan abuztuaren 22ra arte. Bestetik, ekainaren 5ean Basterretxearen obraren inguruko egun osoko egitaraua (http://agenda.bayonne.fr) prestatu dute Baionako Herriko Etxeko areto nagusian, Eusko Ikaskuntzaren babesarekin.
Ane Piratak enkargu bat eman dio Patakoni: Pirritx, Porrotx, Marimotots eta tripulazioko gainontzeko kideak marinel eta pirata bihurtu behar ditu lehenbailehen. Hori da Mitxel Muruak idatzi duen Pirata ausartak (Elkar) liburuaren abiapuntua. Ilustrazioak Julen Tokerok egin ditu.