argia.eus
INPRIMATU
“Fausto” obra tragikoa antzeztu nahi du deabruak
Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko ekainaren 30a
Tabú.
Rubén Pellejero & Jorge Zentner.
Glénat (2000).
70 orrialde, zuri-beltzean.


Jorge Zentner idazle eta marrazkilari argentinarrak herrialdetik ihes egin behar izan zuen diktadura garaian,  1977an, 24 urte zituela. Frantzian eta Israelen ibili ostean, Bartzelona ondoko Sitges herrian geratu zen. Han ezagutu zuen Ruben Pellejero marrazkilari kataluniarra. Euren elkarlanaren aurreneko fruituak Cimoc aldizkariak argitaratu zituen. Monsieur Griffaton-en memoriak izeneko komikiek hasi zuten bi egileen arteko harremana.

1990. hamarkada hasieran Zentner-ek Tolosa (Akitania) hartu zuen bizileku, baina Pellejerorekin lanean jarraitu zuen. 2000. urtean plazaratu zuten esku artean dugun komikia: Tabú (Glénat). 2001eko Bartzelonako Komiki Azokan gidoi onenarentzako saria lortu zuen komiki poliziako horrek.

Matt Riviére polizia inspektoreak hiltzaile boteretsua du arerio: deabrua. Mefistofeles infernuko printzearen arrebari euren arima saldu diote zenbait lagunek. Jada ez dira euren bizitzen jabe. Badakite zer egiten ari diren, baina zergatiak ez ditu inork ezagutzen, ezta beraiek ere. Soilik dakite bat batean alemanez mintzatzeko gai bilakatzen direla, eta ezagutzen ez duten Johann Wolfgang von Goethe idazlearen Fausto obraren pasarteak errezitatu ditzaketela. Baita edonor hil dezaketela ere.

Abiapuntuak eroa dirudi, baina ohiko istorio beltza da, elkar ikusterik ez daukaten poliziekin, maitale eta konfidenteekin, taberna ilunekin... Zuri-beltzeko argi-ilunek markatzen dute narrazioaren erritmoa. Pellejerorenak trazo garbiko ilustrazioak dira, anabasarik gabekoak, baina uneoro jokatzen du irakurlearen intuizioarekin. Beltzuneak nagusi direnean, zuri apurrarekin gai da eszena oso bat deskribatzeko, ilunpean geratzen den hori agerian lagatzeko.