argia.eus
INPRIMATU
Etxe
Oso euskal musika zalea naiz eta horrek eragina du nire kantetan
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2010ko maiatzaren 30

Lan hau rockeroagoa da. Abestiei bestelako gorpuzkera eman nahi zenien edo talde izaera gehiago nabarmentzea?


Hori da bilatzen nuena. Aurreko diskoko kantak zuzenean jotzean “lasaiegiak” zirela nabaritzen nuen. Orduan erabaki nuen hurrengo diskoa rockeroagoa izango zela. Gainera, Andoni gitarra jotzaile berriarekin gitarrek garrantzia handiagoa hartu dute eta eragina izan du kantak lantzerakoan.

Abesteko eran eta melodiatan 90eko hamarkadako hainbat musikari gogora ekartzen dizkidazu. Ados zaude?


Guztiz ados. Zatoz nirekin ateratzerakoan askotan konparatu ninduten Garirekin, eta hori plazer handia da. Anaia nagusien eraginez beraien belaunaldiko musika asko entzun dut, eta 90eko hamarkadako musika presente dut: Hertzainak, Zarama, Doctor Deseo… Oso euskal musika zalea naiz eta horrek eragina du nire kantuetan.

Lurralde bakarra. Nahiz eta askok pentsatu, ez da oso ohikoa halako letrak irakurtzea; ezta ere Anje Duhaldek beste batzuen diskoetan parte hartzea…


Zuzena izan nahi nuen kanta egiterakoan. Diskoa prestatzen hasi aurretik pentsatuta neukan Iparraldeari “omenaldi” bat egitea eta hitza idaztean, ederra izango zela Anjerekin abestea. Berari komentatu eta kanta entzun gabe baiezkoa eman zidan. Plazer handia izan da niretzat.

Zer behar da “zure bihotzaren konkistatzaile” izateko?


Maitasunari dagokionez aspalditik nago ni konkistatuta, baina zaleek askotan konkistatzen naute. Nire kantuekin identifikatuta sentitzen direnek, kontzertuetan abesten ikusten ditudanek eta nire musikarekin gozatzen dutenek konkistatzen naute.

“Gauetako heroiak aterako dira amets harrapatzaileen antzera”. Zure kantetan, gazte eta rockzaleen topikoa apurtuz, gauari buruzko erreferentzia gutxi dago…


Egia da eta ez dakit zein den arrazoia. Dena dela, ez dut ezkutatzen oso gau eta parranda zalea naizela.