argia.eus
INPRIMATU
Dario Urzay
"Oso hibridoa izan naiz beti"
Sustrai Colina 2010ko maiatzaren 26a
Dario Urzay
Dario UrzayIñigo Azkona
Dario Urzay entzunda Athletic-en kamiseta famatu hura bururatu zaizula... Diozun bezain kulturzalea al zara?

Dario Urzay. Zure izen-abizenei artea darie...


Pentsa, izen artistikoa dudan galdetu izan didate! Dena den, nire mentalitatea beti izan da gehiago asmatzaile eta eraikitzailearena, pintorearena baino.

Artista handia beti apal.


Pintorea izateak ez dakar artista izatea, baina artista batek pintatu dezake. Artista onak, medioa edozein delarik ere, beti eskainiko ditu gauza interesgarriak. Horregatik, nik ez dut pintore ona izan nahi, artista ona baizik. 

Ahaztu obra eta landu diskurtsoa, beraz.


Nola izan daiteke diskurtsoa obra bera baino garrantzitsuagoa? Badaude artearen egituretan primeran enkajatzen duten eta diskurtso hutsean oinarritzen diren inolako interesik gabeko lanak, baina zirrara eragiteko obra batek speech bat behar badu, seinale txarra.


Badakizu, artea ulertzeko artista izan behar denetik...


Pintore ona behatzaile onen bila dabil. Ez da alferrik esaten artista handiek euren zaleak sortu eta hezi dituztela. Obra bati so dagoenari galde egiozu zer ikusten duen eta askotan jabetuko zara ikusi gabe epaitzen hasita dagoela. 

Kritikaren indarra, konpai!


Neure egiak kolokan jartzeko, egoa puzteko, haserretzeko, edo erreakzio batzuk hobeki ulertzeko balio didate kritikek. Baina testu baten kritika onena beste testu bat da, eta ondo findutako kritika eraikitzaile gutxi dago.

Orain esadazu diseinatu zenuen Athletic-en kamiseta hura eraikitzailea zela!


Zergatik planteatu zen polita/itsusia terminoetan? Zergatik ez zen azpimarratu klubarentzat interesgarria izan zitekeela? Hauteskundeetan hautagaiaren edertasunaren arabera bozkatzen da, ala zer?

Begoñako ama, San Antongo zubia eta Athletic-en marrak sakratuak direla, txo!


Zer sakramentu, zer tradizio, eta zer kristo? Nola ukituko nituen zibilizazio aurreko sasoietako esentziak futbola XIX. mende bukaerakoa bada? Kamiseta horrek ezjakintasun asko azaleratu zuen.

Denen ahotan jarri zintuelako?


Nire zati bat galdu nuen baina beste bat irabazi. Horregatik diot artista batek bere interesengan oinarrituta lan egiten badu beti bukatzen duela ahots propio bat edukitzen.


Ikusten da, bai, ez zarela galduko sailkapenen gizartean.


Gauzak sailkatzea euren izatea mugatzea da. Esaten dena baino lausoagoak dira limiteak. Horregatik, oso hibridoa izan naiz beti.