argia.eus
INPRIMATU
Auzatik Behartzunera, ezer berririk ez
Joxerra Aizpurua Sarasola 2010ko maiatzaren 26a
Auza eta Behartzun bitarteko lurrak behatzea egokitu zitzaigun 1981. urtean, soldaduska egiten ari ginenetako batzuoi. Eguna joan eguna etorri, aginpidea zutenek “ezer berririk ez” esaten zioten elkarri.

Urte hartan, egitura militarra eta egituraren katebegi bakoitzean egokitzen zaionaren zeregina hurbiletik ezagutzeko aukera izan nuen. Ia 30 urte pasa ondoren, egitura militarra, militarren artean ez ezik, gure gizarteko egitura gehienetan ezarrita dagoela ikusten dut: elizan, administrazioan, familia tradizionalean... Areago, askotan, gauden tokian gaudela, egitura militarraren funtzionamendu-arauak jartzen ditugu konturatu gabe abian, eta bereziki gizonezkoak garenok, gizartean dugun nagusitasun historikoa dela medio.

    Euskal Herrian enpresaburuen arteko biltzar ugaritan parte hartu dut eta enpresetako kudeatzaile gehienak gizonezkoak dira eta horietatik asko nire adinekoak edo zaharragoak. Enpresaburu horiei berrikuntzan inbertitu behar dela entzuten diegu egunero, eta berrikuntzari buruzko zenbait definizio botatzen dizkigute. Besteak beste, “Negozioa prozesuetan antolatu behar da”, “bezeroa bazkide teknologiko gisa hartu behar dugu”, “aldaketarekiko dagoen erresistentzia gainditu behar da”, “laneko metodoak aldatu behar ditugu” bezalako esaldiak entzungo ditugu. Esaldi horiek foroetan errepikatzen dira eta ondoren enpresetako kudeatzaileek euren zuzendaritzapeko katebegietako arduradunei transmititzen dizkiete.

Enpresa batzuetan besteetan baino arrakasta handiagoa izaten du berrikuntzaren inguruko jarduerak, baina gehienetan oso prozesu motela izaten da, esperientziak eta nire inguruko adibideek erakutsi didatenez. Zerbait lortu ahal izateko berrikuntzaren kulturarekin bat egin behar dugu, egia da. Baina nagusiki kudeatzaileak dira etsenplu izan behar dutenak eta hementxe dago, hain justu, arazo nagusia: gure kudeatzaileak kultura militarpeko gizonezkoak dira, besteei esan bai baina beraien boterea eta egitura mentala aldatzen ez dutenak, egitura piramidalarekin segitzen dutenak.

Horrelako baieztapen orokorrak egitearekin batera ziur nago salbuespen ugari egin behar direla, baina ziur nago kultura militarrik gabeko kudeatzaileekin, emakumeak edo gazteak adibidez, berrikuntza-prozesu sintzero eta azkarragoak bizi izango genituzkeela. Bitartean berrikuntza-planetik planera “ezer berririk ez” edo hobe esanda “oso berri gutxi”.