"Estatu independentean okerragoak izan litezke gauzak katalanarentzat"

  • Oso polemikoa da Albert Branchadell Kataluniako hizkuntza politikarekin. Egungo egoera juridiko eta politikoaren baitan katalanak etorkizuna duela defendatzen du. Ez da ulertzen zaila, hortaz, Espainiako Estatuko prentsarentzat erreferentziazko soziolinguista izatea.
Albert Branchadell i Gallo
Albert Branchadell i GalloOriol Clavera

Galdera samurra hasteko: zer osasun du egun katalanak?


Gutxi gorabeherako gerturatzea egingo dut. Lehenik, katalana zazpi lurralde oso ezberdinetan hitz egiten da eta lurralde bakoitzak bere egoera bizi du. Ondorioz, katalanaren ‘osasunez’ hitz egin beharko litzateke edo ‘katalanen’ osasunaz. Bigarrenik, galderak Kataluniako egoera badu helburu, erantzunak ez du zalantzarako tarterik uzten: katalanaren egoera dena delakoa izanda ere, ez da inondik inora hilzorian den hizkuntzarena. Modu poetikoagoan nahi baduzu, hauxe esan zuen Xavier Vila soziolinguistak duela gutxi: “Katalana azkenetan dela esatea astakeria hutsa da”. Egia da, katalanaren indargune eta ahulguneak aztertu behar dira. Baina balantzea momentuz positiboa da. Katalanak Katalunian nahiko egoera ona du konparatzen badugu, ez bretoi edo frisierarekin, baizik eta galego edo euskararekin, baina baita estatu hizkuntza diren beste batzuekin ere: bielorrusiera, irlandera, letoniera, mazedoniera edo ukrainerarekin.

Beraz, “katalanaren heriotza” mamu bat baino ez da edo gerta liteke etorkizun ez oso urrunean?


Unescok sei faktore nagusi identifikatu ditu hizkuntzen bizitasunari dagokionean eta katalanak puntuazio altua du seietan. Begira dezagun, adibidez, belaunaldi arteko transmisioaren faktorea. Puntuaziorik baxuena 0 da (hizkuntza iraungi da) eta altuena 5 –belaunaldi guztiek hitz egiten dute hizkuntza–. Katalanari 5 erraldoi bat dagokio. Katalana ondo transmititzen da belaunaldiz belaunaldi, baina ez hori bakarrik, gehikuntza txikiak ere baditu. Bata bestearen atzetik, inkesta guztietan ikus daiteke seme-alabekin katalanez hitz egiten dutenen portzentajea handiagoa dela gurasoekin hitz egiten dutenen edo zutenena baino. Eta hori ez da preseski berehalako heriotzaren iragarpena.

Katalana akaso ez da berehala desagertuko, baina erabilera soziala ez da areagotzen. Kezkatzen zaitu horrek?


Erabilera soziala areagotu, atzerantz joan edo geldirik ote dagoen, afera labaina da, eta datu enpirikoek ez dute modu garbian ebazten uzten. Beti bezala, kasu honetan ere termino erlatiboetan hitz egin behar da. Konparaziorako terminoa bada egoera idiliko bat –iraganekoa edo etorkizunekoa–, zeinean mundu guztia komunikatzen den normalki katalanez, bada, gaur egungo erabilera soziala horizonte horretatik askoz beherago dago eta oso litekeena da horrela jarraitzea hainbat belaunalditan. Konparaziorako terminoa bada historia erreal hurbila, eta bereziki garai frankista, bada, erabilera sozialak boom garrantzitsua izan du. Argi ikus dadin, nahikoa da konparatzea 1975ean hezkuntza sisteman edo administrazioan zegoen erabilera gaur egungoarekin. Baieztapen horrek ez du esan nahi katalana sartu ez den edo modu nabarmenean sartu ez den erabilera eremurik ez dagoenik. Baina balantzeak positiboa izaten jarraitzen du. Erabilera sozialaren aferak kezkatu beharko gintuzke soilik baldin eta erabilera hori hizkuntzaren iraunkortasuna ziurtatzeko beharrezkoak diren gutxienekoen azpitik balego. Eta ez da egun katalanaren kasua.

Defendatu izan duzu katalanaren benetako arriskua ez dela desagertzea, etnifikazioa baizik.


Etorkizuneko eszenatoki posiblea litzateke talde etnolinguistiko jakin baten mugetan erabiltzea katalana. Eszenatoki horretan katalan-katalanek baino ez lukete hitz egingo katalana, gainontzekoek gaztelania edo beste hizkuntzaren bat egingo lukete. Horren gainean bi gauza esan behar dira. Lehena, etnifikazioa bateragarria dela hizkuntzaren iraunkortasunarekin. Euromosaic izeneko ikerketan ikusi zen Europako hizkuntza minoritario indartsuena luxenburgera zela, luxenburgotar jatorren hizkuntza, oso etnifikatuta dagoena –oso zaila da luxenburgera hitz egiten duten etorkinak aurkitzea Luxenburgon–. Bigarren gauza da, katalanaren kasuan, etnifikazioa aukera teorikoa dela arrisku erreala baino. Aipatu ditudan transmisio pauten ondorioz ere, katalanaren erabilerak katalan jatorren taldearen mugak gainditzen ditu, bere egin duten eta beren seme-alabekin edo espazio publikoan katalana erabiltzen duten gaztelania hiztunei esker. Atzerriko immigrazio berriarekin –izan arabiarra, berberea edo errumaniarra– badago egoera horrek jarrai dezakeela pentsatzeko motiborik.

Katalanak izan behar al du katalanen hizkuntza komuna?


Hasteko, ez dakit ziur zer esanahi duen “hizkuntza komuna” kontzeptuak. Badira horren gainean hitz egin duten hainbat autore, baina anbiguotasunez egin dute maiz. “Hizkuntza komuna” espazio publikoan erabiltzen den hizkuntza bakarra dela ulertzen badugu, ez dut uste katalanen gehiengoa horren aldekoa denik. Bestalde, gehiengoa balitz ere, ez nuke jakingo gisa horretako eszenatoki batera iristeko mekanismoak zeintzuk liratekeen. Europan badira hizkuntza batzuk espazio publikoan erabiltzen diren hizkuntza bakar bilakatu direnak, baina ez dut uste Katalunia eredu horiek jarraitzeko baldintzetan dagoenik. Eta herrialde horietako askotan, hizkuntza komunen eraikuntza moralki onargarriak ez diren politiketan oinarritu izan da.


Adibidez?


Poloniera Poloniako hizkuntza komuna bilakatu da alemaniar eta ukrainar gutxiengo nabarmengarriak garbituz. Ez dut uste katalanen gehiengoak gaztelania hiztunak Kataluniatik kanporatzea nahi duenik, Poloniak alemanekin egin bezala. Eta ez ditut ikusten babesa ematen Akcja Wisla moduko zerbaiti –ukrainarrak Poloniatik, beren etxeetatik, atera eta poloniar lurraldeetan barrena barreiatu edo zuzenean Sobiet Batasunera eraman zituzten–. Orokorrean, uste dut hizkuntza komunaren proiektua ez datorrela bat gizarte linguistikoki heterogeneo batekin, ez eta hizkuntza politika demokratikoaren idealarekin ere. Zer gertatzen da Mazedonia edo Ukraina bezalako herrialdeetan? Ez badituzte albaniarrak kolpetik kanporatzen Mazedoniatik, mazedoniarrak dagoeneko ez daude mazedoniera espazio publikoan erabiltzen den hizkuntza bakar bilakatzeko baldintzetan.

Gaur egungo marko juridiko eta politikoarekin, posible al da etorkizun normala katalanarentzat?


Hizkuntzaren erregulazio konstituzionala nabarmen hobetu daitekeela ulertuta, uste dut, modu abstraktuan, katalana babes daitekeela Espainiar Estatuaren baitan. Politika konparatuak erakusten digu posible dela hizkuntzek egonkortasuna lortzea hiztun komunitateak burujabe izan gabe. Europan, ondoen babestua dagoen gutxiengo linguistikoa Åland irletako suediarrena izango da, eta ez dira estatu independentea, Finlandiaren baitako eskualde autonomoa baizik. Gutxiengoen gai eztabaidagarriaz harago –katalan hiztunei ez zaie gustatzen gutxiengo direla esatea, nahiz eta hala diren–, bestelako kasuak ditugu, nederlanderarena Flandrian, adibidez. Nederlandera “normala” da Flandrian, estatu independentea izan ez arren. Zure galdera balitz soziolinguistikaren ingurukoa, erantzuna konplexuagoa litzateke, baina berdin pentsatzen dut posible dela gizarte linguistikoki heterogeneoan hizkuntzen egonkortasuna lortzea. Frantsesaren kasua litzateke Quebecen. Quebecen frantsesaren “normaltasuna” bateragarria da ingeles hiztun talde nabarmen baten iraunkortasunarekin.

Kataluniaren balizko independentzia kaltegarria litzateke katalanaren osasunarentzat?


2001eko liburu batean “independentziaren hipotesia” eztabaidatu nuen. Hipotesi horren arabera independentzia politikoa beharrezko baldintza da hizkuntza normalizazioarentzat. Alde batetik, hipotesia enpirikoki faltsua dela argudiatzen nuen: esan berri dudan bezala, baditugu adibide batzuk hizkuntzaren normaltasuna Nazio Batuen Batzar Orokorreko eserleku batekin lotuta ez doala erakusten dutenak. Beste alde batetik, argudiatzen nuen hipotesia –ez independentzia bera– moralki makurra zela, komunitate askok ordaindu nahi ez duten edo sinpleki ezin duten prezioa jartzen ziolako normaltasunari. Nork azalduko die geratzen diren ehun livoniarrei estatu livoniar independentea dela beren hizkuntzarentzako esperantza bakarra? Katalanen ehuneko 20 edo 25a bada soilik independentista, hizkuntzaren normalizazioari uko egin behar diogu? Liburua intuiziotik are gehiago urruntzeko defendatzen nuen estatu katalan independentean gauzak okerragoak izan litezkeela Katalunia autonomoan baino. Hasteko, gaur egun duena baino onarpen handiagoa eman beharko litzaioke gaztelaniari eta horrek zail lezake katalanaren normalizazioa, orain gertatzen ez den moduan: adibidez, estatu independente katalana behartuta legoke gaztelania komunikazio-hizkuntza litzatekeen eskolak eraikitzera.

Gehiegi aurreratzea ez ote den…


Ez da politika fikzioa: Mazedoniara itzuliz, albanierak herrialde horretan duen aitorpena askoz handiagoa da orain, Mazedonia sei errepublika jugoslaviarretako bat zenean baino. Inork Mazedonia independente izatean albaniar guztiak asimilatzeko ametsa bazuen, aspaldi utzi behar izan du atzean. 2001eko liburuarekin alderatuz, orain, agian, estatu independentea autonomia erkidegoa baino okerragoa izango litzatekeela esan beharrean, esango nuke independentzia, bere horretan, inokuoa dela, ez lukeela katalanaren egoera funtsean aldatuko. Adibidez, Katalunia autonomoan biztanleen erdiak du gaztelania ohiko hizkuntza eta estatu katalan independentean populazioaren erdiak jarraituko luke izaten gaztelania ohiko hizkuntza.

Kezkatzen zaitu katalanaren gaztelaniartzeak?


Katalanaren gaztelaniartzea beste afera eztabaidagarria da, beste behin datu enpirikoek argitzen ez dutena. Ez dago argi, adibidez, egun gaztelaniartzea orain dela lau hamarkada baino nabarmenagoa den. Dena dela, orain gertatzen bada, berdin gertatuko litzateke estatu independentean. Politika konparatuak laguntzen gaitu beste behin. Ukrainan, adibidez, independentziak geratu ez duen prozesua da ukrainera errusiartzea.


Egun hizkuntzek bizi duten zatiketa politikoak eragin negatiborik ba al du horien etorkizunean?


Uste denaren aurka, eremu linguistiko baten zatiketa independentea da hizkuntzen osasunarekiko. Alemanaren eremu linguistikoa politikoki fragmentatua dago eta inork ez du alemanaren osasun onaz zalantza egiten. Berdin gertatzen da frantsesa, gaztelania eta ingelesarekin, hiru adibide argi jartzearren. Hizkuntza txikiagoak nahi badituzu, hortxe duzu nederlandera. Hizkuntzen bizitza zailtzen duena ez da zatiketa politiko edo administratiboa, zatiketa mentala baizik –edo psikologikoa, nahiago bada–. Egonaldi bat gogoratzen dut, Hego Tirolen, Italia iparraldean den eta aleman hiztunak nagusi diren probintzia austriar ohian. Trentotik zetorren trenak Salorno gurutzatzen zuenean mundu guztiak argi zuen hantxe hasten zela Alemania eta Danimarkaren mugan den Flensburgeraino iristen zen eremu linguistikoa. Gure kasuan ez da berdin gertatzen: katalanen gehiengoak ez du sinesten beren eremu linguistikoaren hegoaldeko muga Guardamar denik –Valentziar Erkidegoaren hegoaldea–, ez valentziarren are gehiengo handiagoak beren eremu linguistikoaren iparraldeko muga Salses denik –Ekialdeko Pirinioetako departamentua–. Zatiketa mental horrek ez du uzten eremu linguistikoa merkatu kultural gisa ulertzen, ez komunikazio espazio gisa, eta horrek bai eragin negatiboak dituela, nahiz eta ez izan zorigaiztokoak: katalana bideragarria da eremu linguistikoa Guardamarren ez, baizik eta Alcanar edo Sènian bukatu arren, Tarragonako probintziako hegoaldean.


Hizkuntza politika berria behar al da Katalunian?


Orain gutxi idatzitako artikuluan iradoki dut hizkuntza politika katalanak lau erronka dituela. Lehena katalana babestea da, baina ez printzipio nazionalisten ondorio gisa (“nazio bat, hizkuntza bat”), baizik eta printzipio demokratikoei jarraituz. Katalana babestu behar da katalanek hala nahi dutelako. Bigarrena da gaztelania onartzea, baina ez soilik erretorikoki. Gobernuko lehendakariordeak hala egiten du: Parlamentuan esplikatu gaztelania bilakatu dela “gizarte katalanaren egiturazko elementu bat”. Gero hitzaldiren batean baieztatuko du katalana izan behar dela katalanen hizkuntza, “italiera Erroman den bezalaxe, frantsesa Parisen edo gaztelania Madrilen”. Hirugarrena, beste hizkuntzak aintzat hartu behar dira. Arabiera da Katalunian gehien hitz egiten den hirugarren hizkuntza. Berrehun mila inguru lagunek egiten dute, baina aitorpen handiagoa du okzitanierak, bi mila lagunek baino hitz egiten ez duten arren –bai, badakit, okzitaniera da Aran haraneko hizkuntza, baina politika berria ez da gauzatu behar hizkuntza jabegoen ondorioz–. Laugarrena, ingelesaren ezagutza maila altxa behar da. Laburtuz, esango nuke hizkuntza politika katalana estatu-nazioaren ideologiatik (“komunitate politiko bat, hizkuntza bat”) eta katalanetik harago joan behar dela.

Nola baina?


Eskolako hizkuntza politika kasu bat aipatuko dizut: sektore politiko eta sozial jakin batzuk argi lerratu dira gaztelaniako irakasgaiari hirugarren ordua derrigor gehitzearen aurka, murgiltze sistemak porrot egingo lukeen aitzakian. Sektore berberak, ordea, derrigorrezko irakasgai jakin batzuk osoki ingelesez ematearen alde agertu dira. Gaztelaniaz hiru ordu egiteak murgiltzearen porrota dakar eta matematikak ingelesez egiteak ez? Eskola sisteman, eskola eleanitza defendatuko nuke, komunikazio-hizkuntza esklusiborik gabe.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude