argia.eus
INPRIMATU
Urratsez
Joxemari Ostolaza 2010ko maiatzaren 18a
Ekin genion urtero bezala zirkuituari, Senpereko lakuari itzulia emanez. Ohiko lagunak agurtzeko parada. Eguerdi alderako ohartuak ginen, gehiago ziren gurutzatu ez genituenak. Senperen bertan, aparkalekuek erakusten zuten lakuaren inguruan baieztatutakoa, jendea saldoka baino saltoka ibiltzeko lekua bazegoela, zirkuituaren ibilbideari hamar bat minutu kentzeko aukeran geundela.

Eguraldiaren grisari egotzi diote antolatzaileek partehartzearen eskasa, aurreko urteetakoekin alderatuta kezkatzeko modukoa jo dutena. Eta alde horretatik, esan dezaket aurtengoa ez dela izan euritsuena, gogoan baitut oinetakoak blai eta galtzak lokatz, aurten baino jendetsuagoak ezagutu ditugula, hegoaldetik heldutako autobus eta autoen ilarak Senperera egiteko Azkainetik hara metroka hurbiltzen zirela. Aurten ez dugu behar izan kotxea primeran eramatea primerako bidaia egiteko. Bainan ez da faltan bota Hendaiako ikastolako ondoko gunean goi-erritarren kanpalekua, babarrunak eta paella lagun urruñarren pozerako. Ez da aski izan eta antolatzaileek laguntza eskatzeari ekin diote. Orokorrean, ez dirudi euskalgintza bere une egokienean dagoenik, gure hedabideak jarraitu besterik ez dago.