Zuen ibilbidea ziklotakoa izan da. “Une” berezien zain egoten zarete lan egiteko?
Egia esan gure jarduna etengabekoa izan da beti. Ez agian diskoak kaleratu eta zuzenekoak eskaintzearen maiztasunari dagokionez, baina bai elkartu eta musikaz elkarrekin gozatzeko garaian. Halere, egia da zuk diozuna, iristen dela “une” bat non gure lana disko batean laburbiltzen dugun eta jendaurrean eskaintzera animatzen garen.
Dezente esperimentatu duzue giroekin, sonoritateekin, erritmo aldaketekin eta instrumentuen arteko joko ia jazzeroekin. Ez da hala?
Disko honetan nabarmenagoa izan da inprobisazioari eta askatasunari eskainitako lekua. Orain hirukote izateak ere lagundu gaitu horretan, gauza berriak bilatu eta probatzera bultzatu gaituelako egoerak berak.
Post-hardcorearen eremuan eroso mugitzen zarete, ezta? Badirudi gaur egun inork ez duela post-hardcorea errebindikatzen.
Beti sartu izan gaituzte esparru horretan. Oso gustuko ditugu talde horiek, baina argi dugu bakoitzak bere bidea egiten duela. Ez da aldarrikapen bat, ezta korrontearen aurka joan nahia ere.
Bestalde, gitarretan baduzue zerbait Leitzarango desertukoa...
Hego haize hotzak astintzen gaitu, beti edan dugu desertuetako uretatik. Iturri oparoak daude edonon, beraietatik edatea besterik ez dago norberaren barrua busti eta asetzeko.
“Taupadak azkartu”, “Emaiozue korda erlojuari”, “Beste egun baten beteko da”, Uneak... Denbora obsesioa al da zuentzat?
Egoerak deskribatu nahi ditugu, kanta bakoitza une bat da. Denborarekin obsesioa baino gehiago, sentimendu batzuk adierazteko modua da.
Minimalista eta oso dotorea diseinua eta argazkiak. Arratseko azken argitan lortutakoak dira?
Jakina. Eguzkiaren azken izpiek eskaintzen duten argitasunak misterio kutsua ematen die irudiei. Diskoak osotasunean duen kontzeptuarekin bat datoz, une desberdinekin.