Mitinak baino eraginkorrago

  • Kirola eta propaganda elkar helduta doaz antzinatik. Kirola ez dela politikarekin nahasi behar esaten du hala esatea dagokionak, jakitun izan arren baloia tresna eraginkorra dela herritarrekin konektatu, mezuak zabaldu eta nortasuna indartzeko.
Josu Jon Imaz, Patxi Lopez eta Fernando Garcia Macua
Josu Jon Imaz, Patxi Lopez eta Fernando Garcia Macuawww.petronor.com
Josu Jon Imaz Petronor enpresako presidentea, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Fernando Garcia Macua Athletic taldeko presidentea irribarretsu ageri dira argazkian. Pasa den otsailaren 5ekoa da, Lakuaren eta zuri-gorrien arteko akordioa sinatu zen egunekoa: UEFA Europa League txapelketan, Belgikako Anderlech taldearen aurkako bi partidetan “Euskadi” marka erakutsi zuten Athletic-eko jokalariek, Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren ekimenez. Petronorrek, bizkaitarren babesleak, inolako kontraprestaziorik gabe onartu zuen bere espazioa Jaurlaritzari uztea. Athletic-ek 120.000 euro jaso zituen.

Més que un club
, dio Bartzelona taldearen leloak. “Klub bat baino gehiago” esaldia kirol erakunde zenbaitzuren botere eta eraginaren ispilu da. Futbol taldeen inguruan makineria handia mugitzen da, eta pieza guztiak behar bezala olioztatuta izatea funtsezkoa da. Are gehiago izaera hain markatuko Athletic moduko futbol taldeen kasuan. Zale askok gogoan izango dituzte 2008ko irudi batzuk (ikus hurrengo orriko argazkia): Mariano Rajoy PPko burua Athletic-eko kamiseta eskuan duela ageri da San Mamesen. Haren ondoan daude Garcia Macua eta Antonio Basagoiti lehendakaritzarako PPko hautagai zena. Basagoitiri babesa ematera joan zen Rajoy Bilbora, eta bidaia aprobetxatuz San Mames bisitatu zuten, zuri-gorrien eta Real Madrilen arteko partida bezperan. Macuak oparitu zion kamiseta Espainiako PPko buruari, taldeko jokalari guztien sinadurekin –eurek ez zekiten elastikoa norentzako zen–.

Irudiek polemika handia sortu zuten, eta Athletic-eko zuzendaritzak komunikatua plazaratu behar izan zuen, “Rajoy eta Basagoitiren bisitaldi pribatuaren erabilera politikoa” arbuiatuz: “Begiruneko ekitaldi bat alderdi politiko bateko hautagaiaren aldeko ekintza moduan aurkeztu dute. Athletic Club, bere presidentea eta bere Zuzendaritza Batza jakitun dira, gurea bezalako instituzio batek bere baitan lotu behar dituela giza estamentu guztiak, gorde eta babestu bere bazkidego zein zalegoaren aniztasuna eta bere ekimenen edozein erabilpen politiko arbuiatu”. Basagoitik gaineratu zuen bisitaldia ez zela bere hautagaitza babesteko ekintza moduan interpretatu behar, “normaltasun osoko keinu gisa” baizik.

Kontuak kontu, argi dagoena da politikariek jendea eskuratu nahi dutela, eta jendea futbolera joaten dela. Politikarientzat, herritarrekin –boto emaileekin– konektatzeko bidezidor eraginkorra da kirola. Emory-ko (AEB) Unibertsitateko Drew Westen psikologia irakaslea “emozioen politikaz” mintzo da. Politika irabazlea ilusioa transmititzen duena da: herritarraren (boto emailearen) burmuinera heltzeko biderik laburrena bihotzaren erditik doa. Kirolak saldu egiten du. Zenbat gobernu-buru, alkate, enpresari ikusi ote dugu estadioetan, txaloez gozatu edo izar handien alboan argazkiak ateratzen. Azaleratu nahi duten handitasunaren neurrira atondutako erakusleihoak dira, produktua lau haizetara zabaltzen duten hedabideen onespen sarri erabatekoarekin.

Futbolak irudia ematen du

Politikariak estadioetan. Kontrako bidea egiten du beste askok, futbola politikara salto egiteko tranpolin moduan erabili duen Joan Laporta Bartzelona (FCB) taldeko presidentea kasu.

“FCB Kataluniako burgesia txiki baten enkarnazioa da, bere bertute eta akats guztiekin”, idatzi zuen Manuel Vázquez Montalbán kazetariak 1972an. Burgesia jada ez hain txiki horren ordezkari da Joan Laporta Bartzelona taldeko presidentea. Instituzioa puntaren puntan utzi eta politikan murgilduko da. Ekainean argituko du Kataluniako hauteskundeetara aurkeztuko den –azaroan egingo dira–, eta hala bada, plataforma berria sortu ala Reagrupament.cat mugimendua babestuko duen. 2009an sortu zuen alderdi hori Joan Carreterok, ERCko kide ohi eta Laportaren adiskideak.

Hartzen duen bidea hartuta ere, FCBko presidenteak aurreneko urratsa emana du: jende mordoak ezagutzen du. Estratega orok baloratzen duen ezaugarria da hori. “Politikan nekez lor daitekeen zerbait ematen du futbolak: irudia”, dio Javier Barranco marketin adituak. “Eragozpen handiena da politikara filia eta fobia oso markatuekin iristen direla, baina irudi bat lortu dute eta horrek balio ikaragarria dauka”. Laportak taldearen katalanismoa defendatzen du: “Barça Kataluniaren erreferente izan da beti. Frankismoaren garaian, politika egiterik ez zegoenean, Barçak kanalizatzen zituen sentimendu katalanista eta askatasun egarria. Egun, erreferente izaten jarraitzen du. Azken zazpi urteotan bultzatu dugun katalanismoaren bidez, instituzioaren prestigioa ez da gutxitu; aitzitik, hazi egin da. Barça-rik katalanistena, historiako unibertsal eta arrakastatsuena da”.

Espainiako Selekzioa Bai

Duela hilabete, Espainiako selekzioari Nafarroako Erresuma futbol zelaian jokatzeko gonbita egitea onartu zuen Iruñeko Udalbatzak, PP, UPN eta PSNren aldeko botoekin. “Gurea hiri abegitsu, ireki eta modernoa da; Espainiaren partida batek kidetasun sentimendua indartuko luke”, adierazi zuen Cristina Sanz PPko zinegotziak. “Defendatzen duguna defendatzeaz harro gaude, ez dugu gutxiagotasun konplexurik”, gaineratu zuen Udaleko Kirol arduradun Francisco Javier Lorentek (UPN). Nafarroa Bai eta ANV alderdietako ordezkariek ekimenaren aurka bozkatu zuten.

2009ko azaroaren 16an, Eusko Legebiltzarrak Espainiako Futbol Federazioari (RFEF) eskatu zion selekzioarentzako futbol zelaiak aukeratzean “Euskadi aintzat hartzeko”. Ebazpena PSE-EE, PP eta UPyD alderdiek babestu zuten. Aralarreko legebiltzarkide Mikel Basabek esan zuen Espainiako selekzioa ekarri gura badute ez dutela oztoporik jarriko, baldin eta Euskal Herriaren aurkako partida ofiziala jokatzera badator.

Ez lirateke futbol partida hutsak izango, argi dago, entretenimenduaren muga gaindituko luketen kirol ekitaldiak baizik. Selekzio nazionalek jokatzen dutenean identitate-sentimenduek bor-bor egiten dute, eta aipatu kasuetan are nabarmenagoa izango litzateke, kontuan hartu behar baita Espainiako selekzioak 1967an jokatu zuela azkenekoz Euskal Herrian. Kirola politikarekin ez nahasteko esango dute batzuek; hain justu, partida horiek erabaki politikoen ondorio liratekeela erantzungo diete besteek. Selekzio nazionalak, azken finean, nazio baten ordezkari dira. Pascal Boniface politologo frantsesak dioenez, estatua lau elementuk definitzen dute: lurraldeak, herritarrek, gobernuak eta futbol selekzioak. Gurean elementu horiek korapilatu egiten dira: Iparraldea, Nafarroa, EAE, Espainia, Frantzia, Euskadi, Euskal Herria… Selekzioen kontuak saltsa ugari sortzen du, eta bakoitzak nahi/ahal bezala irabiatzen du, futbola tresna eraginkorra baita entretenimendutik at dauden helburuak lortzeko. Bazter guztiak zipriztindu dituen futbola bakarrik ez, bestelako kirol ekitaldi batzuk ere propagandarako plataforma eraginkorrak dira, milioika lagunen bazka bilakatu diren heinean.

2008ko ekainean, Euskadiko PPko gazteak Santanderrera joan ziren Espainiaren eta AEBen arteko futbol partida ikustera. Espainiako Selekzioa Bai izeneko kanpainaren barruan, Bilboko San Mamesek, Donostiako Anoetak eta Gasteizko Mendizorrotzak Espainiako selekzioa jasotzeko besteek adina eskubide dutela aldarrikatu zuten. Halaber, Espainiako Txirrindulari Itzulia Euskal Herritik pasa dadin eskatu zuten, ezaguna baita kirol horrek gurean duen jarraitzaile kopurua. “Ibarretxe lehendakaria bera dugu adibide”, nabarmendu zuten orduan.

Zer da Euskadi?

Ez dago ukatzerik, txirrindularitzak zale mordoa du Euskal Herrian. Aitzakia horren babesean, “inolako konnotazio politikorik ez duen” bigarren ebazpen bat onartu zuen Eusko Legebiltzarrak iazko azaroan: PPko gazteek egin bezala, Unipublic erakundeari eskatu zion Espainiako Txirrindulari Itzuliko etapa bat Euskal Herrian hasi eta bukatzeko. “Ziklismoa eta politika nahastu nahi badituzte, ez gaituzte alboan izango”, adierazi zuen Peio Iparragirre EAJko legebiltzarkideak. Cristina Labordak (PSE-EE) erantzun zion eurak ez direla horretan ari, eta gai hauei soilik kirol ikuspegitik heltzeko eskatu zuen.

Goi mailako txirrindularitzak ez du euskal selekziorik baina, iritziak iritzi, neurri batean behintzat Euskaltel-Euskadi taldeak betetzen du paper hori. Maillotean eta taldeko auto zein autobusetan idatzirik eraman ohi duten “Basque Country-Pays Basque” izena milaka jarraitzailek ikusi dute. Bada, Paris-Niza lasterketan, hitz horien alboan “Spain-Spagne” izenak ageri ziren Euskaltelen autobus eta kamioietan. Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Industria Sailaren hitzetan, helburua da publiko atzerritarrak Euskal Herria behar bezala identifikatu eta kokatzea: “Ez dadila nahastu, esaterako, Euskal Herri frantsesarekin”.

Europarrek “Euskadi” hitza behar bezala identifika dezaten lortu nahiak bultzatuta, Gasteizko Caja Laboral Baskonia eta Bizkaia Bilbao Basket (BBB) saskibaloi taldeetako jokalarien kamisetetan “Basque Country-País Vasco-Spain” hitzak txertatzea proposatu zuen iaz Eusko Jaurlaritzak, baina bi taldeetako presidenteek ezetz erantzun zuten, zenbait bazkideren sentimenduekin ez lukeelako bat egingo.

Jaurlaritzak bigarren proposamen bat egin zien, “Euskadi-TAV bai” esaldia txertatzea, baina hura ere baztertu egin zuten, “Europako estamentu federatiboek debeka zezaketen mezu propagandistikoa” zelako. Azkenean, Baskonia eta BBBko jokalariek “TAV Y Euskadi” publizitatea erakutsi dute etxean jokatutako hainbat partidatan. Jon Iñaki Uribe AHTren Aurkako Asanbladako kidearen hitzetan, “kirol profesionala, masa ikuskizun mediatiko bezala, erabaki politikoak legitimatzeko plataforma bihurtzen da, sozialki erroturik dauden instituzioen erabilera manipulatzaile eta pribatizatzaileen bidez”. TAU eta BBBren babesletzaz ari zen Uribe, baita Athletic-enaz ere: “Ez da kasualitatea Athletic-ek bere kamisetan erakutsi duen lehendabiziko publizitatea Petronor-ena izatea. Muskizko koke plantaren aurkako mugimendua bizi-bizi zegoenean, publizitate kontzeptu berria frogatu zuten. Ezaugarri gisa ditu eztabaida soziala isilaraztea, oposizioa marketin kolpe bidez deuseztatzen saiatzea eta sinboloaren (futbol taldea) eta markaren (dirua) artean sentimenduzko identifikazioa sortzea”.

Espainiako ereserkiari txistuka

 


Bartzelonako zaletuek maiz erakutsi dute Katalunia ez da Espainia dioen pankarta erraldoia, bereziki nazioarteko txapelketetan, euren aldarrikapen independentistei zabalpen handiagoa eman asmoz. Balentria latza lortzekotan izan dira, gainera. Txapeldunen Ligako finala Madrilgo Santiago Bernabeu futbol zelaian jokatuko da aurten, eta Pep Guardiolaren Bartzelona han izatetik gol bakar batera geratu da. Zelai horrek duen karga sinbolikoarekin, harmailak aipatu pankartez eta senyeraz beterik ikustea zoratzekoa izango litzateke batzuentzat, eta irain mingarria besteentzat.

Ez baitira soilik agintariak kirolaz baliatzen direnak. Herria ere jakitun da haren eraginaz, eta joko-eremua aldarrikapen eta salaketarako gune bihurtu da, baita identidadea berrindartzeko eszenatoki ere. Zientoka adibide aipa genitzake: orotariko bandera eta sinboloen agerpena; Espainiako ereserkiari txistuak Athletic eta Bartzelonaren arteko Errege Kopako finalean; Solidarioak taldeko kideen ekintza –Giraldilla izeneko maskotaren klonazio berezia, euskal presoak etxeratzearen aldeko mezuarekin– Sevillako Atletismo Mundialen inaugurazio ekitaldian, 1999an; Palestinaren aldeko ekintzaileen aldarrikapenak Gasteizko Fernando Buesa pabilioian eta Bartzelonako Palau Blaugranan, Israelgo Maccabiren aurkako saskibaloi partiden harira; Euskal Herriko selekzioa aupatzeko mobilizazioak Nafarroako selekzioak Iruñean jokatutako futbol partidetan; Tibeteko herritarrek pairatzen duten zapalkuntzaren aurkako ekintzak Pekingo Joko Olinpikoetan.... Hain justu, iragan Jokoetan, Nicolas Sarkozy Fantziako estatuburu eta orduan Europar Batasuneko (EB) presidenteak “Europa egin” nahi izan zuen: EBko herrialdeetako kirolari guztiek Europako banderadun besokoa janzteko proposatu zuen, baina ideiak ez zuen nahikoa babes lortu. Pekingo Joko Olinpikoak aspaldi bukatu ziren, baina hiru aste besterik ez dira falta hari itzal egin diezaiokeen kirol ekitaldi bakarra hasteko: Hegoafrikako Munduko Futbol Txapelketa. Edonor irensteko gai den makineria erraldoia mugituko du. Gurean, ez da dudarik, alde bateko zein besteko zein beste hartako jarraitzaileek –izan agintari, ordezkari politiko edo herritar xume– politika egiten dabiltzala leporatuko diote elkarri. Politika kirolarekin ez nahasteko eskatuko dute, beraiek ez luketela halakorik sekula egingo. Zer gerta ere, hobe nork (ez) irabaztea desio dugun ez aitortzea.

Gaiari buruzko informazio gehiago aurkituko duzue Jon Tornerren blogean.
Biarritz Olympique eta euro-hiria
Biarritz Olympique (BO) errugbi taldeak Donostiako Anoetan jokatu ohi du aldian-aldian, azkenekoz iragan maiatzaren 2an, Heineken Txapelketako finalerdietan, Irlandako Munster taldearen aurka. Horren inguruan galdetu genion 2008an Filgi Claverie Dantzaz konpainiako zuzendariari ARGIAn: “Finalerdiak heldu direnean bi aukera daude: Paue, Bordele edo Tolosara (Okzitania) joaten zara Hegoaldeari bizkarra emanez, edo ‘herri bat gara’ erraiten duzu eta Donostiara etortzen zara. Nik biziki interesgarria atzeman dut Donostiara jitea. Ez dakit herri bera osatzen dugun, baina agintariak ohartu dira Baiona-Donostia hiria sortzen ari dela. Oraindik sinbolikoa da, baina BO klubak publiko berri bat atzeman du ondo-ondoan, kulturalki begi-bistako loturak dituena”. Partidek kutsu folklorikoa ez ote duten galdetzean, zera erantzun zigun Claveriek: “Ikurrina asko dela, sobera? Nahiago dut hori, besterik baino. Zaleak ez dira euskal hiztunak, baina beren nortasuna agertzeko ikurrinak aireratzen dituzte. BO Parisera joaten delarik, zaleek ‘gu ez gara zuen berdinak, gu Euskal Herrikoak gara –Pays Basquekoak nahi baduzu–’ diote. Ez dakite euskaraz, ez dira abertzaleak, frantsesak dira, baina hala ere Euskal Herrikoak dira. Urrats txikia da baina oso garrantzitsua, zinez”.
Futbola politika al da?
Zer diote futbol entrenatzaileek?

Javier Clemente: “Ez dut kontsideratzen futbola politika denik. Nik uste dut futbolean gai politiko askok eragiten dutela, edo talde politiko askok, baina futbola futbola da. Gertatzen dena da, futbola ongi ibil dadin eman behar diren baldintza askok politikarekin zerikusia dutela. Bizitza politikoak sortzen ditu normak, gazteriarenak, hezkuntzarenak, kirolarenak, irakaskuntzarenak, beraz erabaki politiko horiek ere futbolera iristen dira, baina besterik ez. (ARGIA, 2006-03-12)

Xabier Azkargorta: “Niri barregura eragiten dit esaten denean kirola eta politika ez direla nahasi behar, oso hipokrita iruditzen zait. Politikari batek badaki, igandean arratsaldeko bostetan, 40 milioi lagun telebista aurrean jartzen duen fenomeno bat dagoela. Politikari batek ez du hori oharkabean pasatzen uzten. Futbola horren sartuta dago etxean, horren sartuta dago gizartean, horrenbeste lotzen da hainbat gauzekin... Futbola politika hutsa da. Ezetz dioenak hortaz aprobetxatzen delako da”. (Uztarria, 2004ko abuztua).

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude