Irakurle gutxi izan eta, hala ere, kexu da.
Hara, generoetan sinesten ez duen idazlea… ez bada genero femeninoan.
Genero femeninoan eta azpigeneroetan sinesten dut nik, nire literatura lanek argi asko erakusten duten moduan.
Triatleta deitu izan diozu inoiz zeure buruari, denera saiatu eta denean gaizki.
Egia, beti gaizki. Gertatzen zait ez dakidala zer landu behar dudan une bakoitzean, erresistentzia aerobikoa edo anaerobikoa, eta pott egiten dut beti…
Aizu, ezin zara sobera kexatu, askok nahiko lituzkete 33 irakurle.
Ba kexu naiz, bai. Lehengo astean irakurle batek esan dit ez duela gehiago nire libururik irakurriko. Beraz, 32.
Kultuzko idazlea izateak badu ezer onik?
Gauza bat: zure irakurleak zu baino jakintsuagoak direla, eta lotsagarri uzten zaituztela edozein foro edo symposiumetan.
Lasai bota hemen bota beharrekoak, euskal literaturaren antzera, elkarrizketa hauek ez baititu inork irakurtzen.
Irakurri ez, baina, atrebentziarekin, zer moduz ordaintzen dizute?
Aprobetxa dezakezu zure liburua ez erostea gomendatu zuen kritikariari zerbait esateko.
Nire liburuak ez erosteko ez da halako gomendiorik behar. Eurek inoren laguntzarik gabe primeran betetzen dute arau hori.
Kritikei kasu egiten dien gutxietakoa izango zara, Karlos…
Niri, kritiketatik, loreak soilik gustatzen zaizkit. Gainerakoa, normalean, kritikariaren gezur, hanka-sartze eta gaiztakeria baino ez da.
Poemak, ipuintxo burugabeak, aforismo tuntunak, gaztetxoentzako pitokeriak. Galdera ironiarik gabea: noizko nobela, best-sellerra?
Ari naiz. Monumentala da, nobela-ibai bat. Sagak daude, misterioak eta kodizeak, katedralak, paidofilia eta hola, gauza arinak. Orain bi mila bat folio kendu behar dizkiot. Hiru titulu dauzkat buruan.
Euskal literaturak duen umoregile bakarretakoa izateko, ezker hankarekin jaiki zara gaur…
Ezagutzen duzu umore ona duen umoregilerik, ala? Izen bat esatea agintzen dizut. Esadazu hitz bat, eta barkatuko dizut.
Konturatzerako, elkarrizketaz mozorrotutako nobela laburra atera zaigu.
Niri ere halaxe ateratzen zaizkit nobelak-eta, konturatzerako...
Tira, joan zaigu denbora. Horren gaineko hausnarrik?
Zein telebistatan emango dutela esan zenidan, aizu?