argia.eus
INPRIMATU
Euskaraz bizi nahi dut
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2010ko maiatzaren 19a
Nafarroan euskararen alde sekula egin den manifestaziorik jendetsuena izan da maiatzaren 15ekoa.  Kontseiluak egina zuen deialdia, arrazoiak ugari baitira Nafarroan euskararen aldeko aldarria egiteko. Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea zen manifestaziorako leloa, baina Euskaraz bizi nahi dut idatzia zuten kartelak euskaltzale askok zeramatzaten. Nafarroako Gobernuaren euskararekiko jarrera negargarria salatzeko eta kritikatzeko festa giroa nagusitu zen. Jai giro horrek, manifestazio bezperan, Berrian Iñaki Lasa Kontseiluko kideak esandakoak ekarri dizkit gogora. “Euskalgintza beti izan da ekintzailea. Nafarroako Gobernuaren politikari gehiegi begiratzen zaio?” kazetariaren galderari pentsamendu aldaketa egin behar dela esanez erantzun zion Lasak: “Pentsamendu aldaketa da datozen urteetan sustatu nahiko genukeena. Kontziente garelako soilik pentsamendu aldaketa batek ekar dezakeela aldaketa soziala. Hau da, jendeak pentsatzen baldin badu euskaraz bizi nahi duela, euskararen normalizazioari oparituko diogu etorkizun hobeago bat. Izan ere, euskaraz bizitzea ahalbidetzen duten eremuak eraiki ahal izango dira. Pentsatzen baldin badugu hondatuta gaudela, ezin dugu... Ez du euskarak etorkizunik izango. Beraz, larunbateko aldarrikapena klabea da”.

Euskal hiztuna indartsuago eta baikorrago? Negarra alde batera utzita? Norberaren eta komunitatearen ahalmenetan sinetsita esan nahi du Lasak?