Ezkerrean, haur esklaboak, 1869an Zanzibarren ontziratuak, Daphne itsasontzian. Alboan, Fernando II.a Aragoikoa, hiru mende eta erdi lehenago, dekretu baten bidez, esklaboen salerosketa sistematizatua abiarazi zuena.www.awesomestories.com
Toledo, 1510eko urtarrilaren 22a. Fernando II.a Aragoikoak 50 esklabo afrikar Karibera bidaltzeko dekretua sinatu zuen, La Española –egungo Dominikar Errepublika eta Haiti– uharteko urre-meatzeetan lan egin zezaten. Horrenbestez, eskala handiko esklabo trafikoaren bidea zabaldu zuen.
1442an, portugaldar esploratzaileek esklabo afrikarrak ekarri zituzten lehenengoz Europara. Hurrengo hamarkadetan, Afrika mendebaldean hainbat portu ezarri eta esklaboekin trafikatzen hasi ziren. Kolon Amerikara iritsi ondoren, espainiarrek urrea aurkitu zuten han, eta esklaboak baliatu zituzten hura erauzteko. Hasieran Karibeko jatorrizko biztanleak, tainoak, egin zituzten esklabo. Baina urte gutxitan, tainoen %90 desnutrizioak eraginda edota Mundu Zaharreko gaixotasunek jota hil ziren. Espainiarrek ezin zituzten portugaldarren esku zeuden esklaboak eskuratu, eta portugaldarrek ezin zuten espainiarren urrea ukitu. Azkenik, itun baten bidez, espainiarrek urrearen parte bat portugaldarrei ematea adostu zuten, urre gehiago erauziko zuten esklabo afrikarren truke.
Fernando Katolikoaren dekretuaren bidez, Amerikara ordura arte bidalitako esklabo multzorik handiena eraman zuten; esklaboak soilik arrazoi ekonomikoengatik hartzen zituzten lehen aldia zen. David Keys historialari eta BBCko kolaboratzailearen ustez, dekretua “historiako dokumentu garrantzitsuenetakoa da, gizakien historia hemezortzi urte lehenagoko Amerikako Aurkikuntzak bezainbeste aldatu zuena”.
Esklabotza ikertzen duen Wiberforce Institutuko David Richardsonek dioenez, “1510eko erabakiak beste aro bat abiatu zuen, europarren jarduera kolonialen aro, baina nazioarteko komunitate akademikoak ez du sekula gertaera hari buruzko ikerketarik egin”.
Berriki, hainbat herrialdetan esklabo trafikoaren eta esklabotzaren abolizioaren bigarren mendeurrena “ospatu” dute (ikus Argia 2197. zbkia.) gaur egun sekula baino esklabo gehiago dagoen arren: zehazki, 27 milioi, kolonizazio garaian Afrikatik Amerikara eraman zituzten hamabi milioien bi halako baino gehiago.
Baina inor ez da gogoratu –edo inork ez du gogoratu nahi izan– esklabo afrikar trafikoaren hasieraren bosgarren mendeurrenaz.