argia.eus
INPRIMATU
"EAEn zergatik ez da NaBai gertatu? Oinarri sendorik ez daukagulako. Ez momentuz"
Mikel Asurmendi @masurmendi 2010ko maiatzaren 23a
Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan hautagaitza bateratua egin dezakete, demagun, EA, Batasuna eta Aralarrek.

 

Erabaki atzeraezintasuna aipatu dut lehenago hain justu. Izan ere, ez dago jakiterik hasten diren bideak noraino iristen diren. Beraz, uneon nekez esan dezaket ezer.

Alderdi Politikoen Legea tarteko, demagun EA eta Batasuna batzen direla.


Hori ere ez dago jakiterik. Nik hau baino ezin dut esan: une honetan Eusko Legebiltzarrean herritarren boto gutxiago dute Gobernua sostengatzen duten alderdiek, Gobernuaren kontra ari direnek baino. Horri kanpoan geratu ziren 100.000 mila botoak gehituz gero, nabarmena da une honetako egoerak nori egiten dion mesede eta nori kalte.

Polo eta gune subiranista hizpide. Batzuek polo eta gune bereizten dute, EAko Pello Urizarrek kasu. Aralarrek ez ditu polo ez gune gustuko antza, edo behintzat ez da EAren eta ezker abertzale ofizialaren arrastoan sartu orainokoan. Zergatik?

Duela hamar egun elkartu ginen Batasunarekin, azken lau urteetan lehen aldiz. Hori horrela bada, zer elkar lan mota egin daiteke orain arte Aralarrekin elkartzeko asmoa izan ez duenarekin? Hori iraganari begira. Etorkizunari begira: egongo al dira oinarri sendoak? Egongo al da errespeturik? Egongo da epe luzerako begirada? Eta hauxe gehituko dut: hemen ez dago inor sobran. Hemen sobran borroka molde zehatz batzuk dira.

EArekin Nafarroan bai, baina EAEn ez. Non dago koska?

Lehenik, erantzun luzea behar du galderak, abertzaletasunaren ibilbide historikoari begiratu behar baitzaio. Hamarkadetan abertzaletasunaren gidaritza EAEtik egin da. Uste zen EAErentzat erabakitzen zena egokia zela ere Nafarroarentzat, areago, Ipar Euskal Herriarentzat ere bai. Euskal abertzaletasunaren jarduna horixe izan da, eta hori autokritika ere bada, ni horretan aritu bainaiz.

NaBai sortzen denean, UPNren eta PSNren jarreraren aurka sortzen bada ere –ez da hori arrazoi bakarra, ez baita bakarrik sortzen bertako Gobernuak Nafarroan euskara eta euskal zaletasunaren aurkako jardunari kontra egiteko–, euskal abertzaletasunak Nafarroarako planteamenduekin lan egin behar duelako sortzen da, Nafarroako ikuspegiekin bertako beharrei erantzuteko. Hori oso garrantzitsua da NaBai zertarako sortzen den ulertzeko.

NaBai gutxieneko batzuk adostuta sortzen da. Besteak beste, ETAren jardunaren kontrako planteamenduarekin.
Ez da bakarrik Nafarroan hauteskundeen aurreko abertzaleon elkarlana posible, Ipar Euskal Herrian ere bada. Bertan AB, EA eta Batasunak EHBai plataforma sortu zuten. Zer dute biek komunean? Oinarri sendoak dituztela eta abertzaletasuna beren esparrutik beren esparruko beharrei erantzun gura izatea.

EAEn zergatik ez da hori gertatu? Oinarri sendorik ez daukagulako. Ez momentuz. Beno, hartzen diren erabakiak mantentzen eta garatzen badira, izan ditzakegu.

Halere, abertzaletasuna EAEtik bertatik eta hona begira ulertzeko premia ez dugu berehalakoan izango. Honi gehitzen badiogu hemen abertzaletasuna soziologikoki eta erakundeetan nagusi izan dela orain arte, argi dago hemen beste parametro politikoetan jokatzen ari garela. Hau da, “zergatik da posible NaBai Nafarroan eta EAEn ez?” galdera planteatzen denean, lehenik eta behin, hori planteatzen duenak zer planteatzen du? EAJ, Batasuna, EA eta Aralar elkarrekin joatea? Hori al da?

Bigarrenik, zer esaten ari da, gaur egun baldintzak betetzen direla?

Hirugarrenik, positiboa dela hori? EAEn? Non eta abertzaletasuna nagusi den eremuan abertzaleon arteko ezker-eskuin dialektika albo batera utzi behar al dugu? Azkenik, abertzaletasuna EAEtik EAEra egin behar da, eta EAEren berezitasunei begira ere egin behar da, Nafarroan eta Iparraldean egiten den bezala.

Alegia, egoera bestelakoa da hemen. Hemen oinarri sendoa jarri behar da, eutsi egin behar zaio eta bere bidea egingo badugu –EAEn unionisten artean gertatzen den bezala– abertzaleon artean ere ezker-eskuin dialektika garatu beharko da.

NaBaik segituko al du EAk eta Aralarrek eman duten pausoa emanda?


Zergatik ez luke jarraitu beharko? EAk eta Aralarrek lehen pausoa eman dutelako?

Nafarroan Aralarren eta EAren agintekeria salatu dute sektore batzuek
.

Beno, sinatu duten akordioan baldintza ideologikoak eta estrategia batzuk daude. Horiek bere egiten dituztenek badute parte-hartzea. Nire konfiantza da, gutxienez, NaBai orain daudenekin osatuko dela.

Iparraldean berriz, EHBai plataforma azkeneko bozetan ez zen oso ondo atera. EAren jarrera zaila. EAJ kanpo. ABren eta Batasunaren artekoak ez zuen onena eman.

Hasteko eta behin botoa eskatu zuten, baina botoek ez zutela ondorio praktikorik ekarriko kontuan hartu behar zuten. Eta hori beti da akatsa. Nire ustez proposamenak modu positiboan egin behar dira eta herritarren ardurekin eta premiekin lotu egin behar dira. Eta horrek balio du Euskal Herri osorako. Ipar Euskal Herrian une sendoa bizi izan zen Batera plataformaren aldarrikapenen inguruan. Baina horrek ez zuen biderik burutu eta nekea sortu da. Dena den, azken hauteskundeak koiunturalak izan ziren eta aurrerantzean EHBaik lortuko du dagokion tokia.