argia.eus
INPRIMATU
Tori lorea
Castillo Suárez @casti_suarez 2010ko maiatzaren 13a
“Ordu gozoak/ordu garratzak/denetik du bizitzak./Baina gaur tori loreak eta utzi arantzak”.

Joxantonio Ormazabalen beraren hitzak baino hobeak ez ditut aurkitu apalategiko liburuen artean heriotzari buruz idazteko.  Edo bizitzari buruz, beti elkarrekin, baina, aldi berean, elkarri kontra eginez aipatzen baiztituen hark.

Ilunorduak eta argilaurdenak liburua duela hilabete batzuk ireki nuen azkeneko aldiz. Iñaki Otxoa de Olza hilberria zen, eta liburu horretako poema puska bat hautatu nuen hari buruzko idatzi bat hasteko: “Mendi bakartian/txoko basatian/inork inoiz/ikusiko ez duen/lorea zu”. Ormazabali bidali nion testua ondotik, eta eskerrak eman zizkidan, nahiz eta ni izan eskerrak eman behar zuena.

Eta zer politagorik lore izatea baino zuhaitzak eta landarean loratzen diren sasoian. Eta zer politagorik arantzak ahaztu eta loreekin geratzea baino bizitza amaitzen denean. Etorriko dira berriz ere euriak eta elurrak, baina ez dira zimelduko bihotzeko loreak. Idatziak daudelako. Esanak eta hamaika modutara adieraziak daudelako.