argia.eus
INPRIMATU
Paradisuaren akabera
Jakoba Errekondo 2010ko maiatzaren 13a
Euscadiensis, vasconensis, navarrensis... Zer izen ez zaie jarri Euskal Herriko landareei. Hemengoa dela esateko kanpotarren era. Zergatik ez ditugu bertako izenak sustatzen nomenklatura botanikoan? Gutxi batzuk, ale bakan batzuk, bide honetan hasita daude eta gaitzerdi! Hona bi on.

   
Apium graveolens subsp butronensis. Perrexil-heze izen dotorea baina baita apio zuria edo arbi-apioa deitzen zaion espeziearen subespezie berezia da. Iñaki Aizpuru botanikariaren lanari esker zehazki deskribatu eta izendatua izan zen. Plentzian soilik bizi da, Butroe ibaia errio egiten deneko errio-bazterreko lurretan. Istingadi eta padurak lehortuz eta hiritartuz betirako galbidean jarria dugu butronensis kasta hau. 2001eko uztailean 3.224 ale zenbatu ziren. Jabetu gaitezen, berriro esango dut: mundu guztian beste inon ez eta Plentziako paradisuan bakarrik bizi da. Eta betirako hiltzen ari gara.
   
Astragalus baionensis. Izenak argi dio: baionarra. Itsasertzeko dunetan bizi da, Lapurdin batez ere. Donostian eta Hondarribian ere aurkitu, eta haren aipamena jaso zuen Gandoger izeneko botanikariak 1880an. Plentzian butronensis-a betirako galbidera daraman arazo berak hondatu zuen Donostiako eta Hondarribiko baionarra eta egun ez da haien arrastorik ezagutzen. Espezie honen baionensis izena Jean Louis August Loiseleur-Deslongchamps jaunak eman zion. 1774-1849 tartean bizi izan zen sendagile frantses honek landare mordo bati izena jarri zion. Landareen sendagaitasunean interes handia zuen eta horri buruzko liburu mordoxka argitara eman zuen. Baita serikultura edo zeta-harraren hazkundeari eta har horrek jaten duen marugatze arbolari buruzko artikuluak ere.