ARCO periyaren buru zeramatzan lau urte. Etsi berri du.
Krisi garaian, kultura erosteari uzten omen zaio lehenik.
Pena da, barneratuago beharko genuke kultura, krisiak hain eragin handia izan ez dezan. Baina ez da hala. Arte garaikidearen arazoa hauxe duzu: ez dela nahitaezko ondasuna.
Apeta burgesa?
Kultura, eta artea partikularki, beharrarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik erosten dira, ez bada ezagutza eta pasioarengatik. Bai eta inbertsio produktu gisa duten baloreagatik ere.
Horregatik 1,6 milioi euro Bacon baten truke!
Merkatuaren legea da hori. Eskaintza eta eskaria.
Hau da, artean denak balio duela, baina denak ez duela balio berdin…
Ez nuke hori esango. Denak ez du balio berdin eta denak ez du balio. Pentsalari hark zioen bezala, bizitza artea baino garrantzitsuagoa dela erakusten digun guztia da artea.
Nahiz eta ezer ulertu ez.
Ulertzeak ezagutzea eskatzen du. Eta ezagutzak laguntzen digu arte garaikidearen zirrikituak hobeki antzematen eta harekin elkarbizitzen.
Kexu gara gero, artea elitista dela…
Artea ez da elitista. Gutxiengo batentzako jarduna bai, baina ez elitearentzat, artera gerturatu eta berau ulertu eta partekatu nahi duen ororentzat baizik. Jende gehiago hurbilduko balitz, gehiengo handiarentzat litzateke artea. Baina garaikidetasunak berezkoa duenez zailtasuna, elitista dirudi.
Merkatu batek, artearena izan edo beste zerbaitena, badakigu zertarako balio duen. Baina arteak?
Bizitzeko. Interpretazio erabat desberdinetatik errealitatera gerturatzeko. Eta negozio sistema bat sortzeko, noski, kulturako gainontzeko adierazpenek (liburuak, zinemak, antzerkiak) egiten duten bezala.
Euskal artista bat aipatzeko eskatu eta Oteiza esango dute gehienek, Chillida Vocentoko irakurleek.
Oteiza eta Chillida baitira euskal artista handienak, hain zuzen. Haiek sortu zuten egoera berdingabea herri honetan, eztabaidaezina da hori.
Eta kito, hor bukatzen da ipuina?
Ez ba, artista ugari dago. Bere burua saltzen ez dakiten arren –sortzaileak dira nagusiki–, saltzen dute beren lana eta obra. Eta behar ditugu. Ez ahantzi: artistarik gabe ez legoke arterik.