Greziaren “erreskateak” Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) eta Europar Batasunaren (EB) eskutik, jadanik sortu ditu langile mobilizazioak eta hiru hildako. “Erreskate” horrentzako beraien errezetak ezagututa –kapitalismo basatiak berezko dituenak–, antzeko “erreskateak” izan ditzaketen estatuei zer espero dakiekeen asma dezakegu. Litekeena da NDFk eta EBk bisturia hurrena Portugal, Irlanda eta Espainiako Estatuari sartzea. Zer ekarpen egin die NDFk eta EBk Greziari? Hiru urtean 110.000 milioi euro ekarriko lituzkeen Greziaren finantza erreskatea aktibatu dute, eta horietatik 80.000 milioi, euroguneko estatuetatik etorriko dira. Espainiako Estatuak 9.792 milioi euro jarriko ditu, horietatik 3.672 milioi euro 2010eko maiatzaren 19a baino lehen liberatuko dira.
Zein dira greziarrek “laguntza” kapitalista horren truke eman beharreko ordainak? Betikoak: funtzionario publikoen soldatak %16 jaistea; hiru urtetan soldatak izoztea; funtzionarioen kontratazioak etetea; pentsioak murriztea hurrengo hiru urteetan, pagak izoztuz eta bi paga berezi kenduz; jubilatze adina handitzea; kotizatzeko epea handitzea; presio fiskala handitzea; erreforma laborala... Aldiz, bankak, finantza krisiaren arduradun nagusiak, 17.000 milioi euro jasoko ditu bere likideziarako. Horiek dira ordain kapitalista basati eta antisozialak. Horretan ari dira laguntzen ustez ezkerrekoak diren alderdi politikoak eta Europako sozialismoa. Eta hori da Espainiako Bankua eskatzen ari zaiona Zapaterori. Gora kapitalismoaren birfundazioa! Hil dadila sozialismoa!