argia.eus
INPRIMATU
Irabazleen ausardiaz
Gotzon Barandiaran Arteaga @gotzonbarandi 2010ko maiatzaren 13a
Bakerako Hezkuntza Plana deritzona berbagai zutela entzun genion Arantxa Urretabizkaiari Euskadi (España da) Irratian, berak eta Felipe Juaristi halako idazleek aspaldi gainditu zutela beldurra, aspalditik daudela bat eginik ETAren terrorismoak eragindako biktimekin. Beraiek askatasun osoz mintzo dira, inoren eraginik, inoren agindurik, ezelango ideologiaren doktrinaren arauetatik aske idazten dute, ez dira inoren menpeko. Besteok uztarripean bizi gara, ETAkoek zein berau babesten dutenek noiz, zer, zelan idatzi aginduko diguten esklabo. Geuk ere gure ondorengoek eskoletan gutxienez XX. mendetik gaur egun arte Euskal Herrian gertatutakoaren berri jakin beharko luketela deritzogu. Konta diezaiegun nortzuek eta zergatik eragin eta irabazi zuten 1936ko Guda Zibila. Azal diezazkiegun Hego Euskal Herrian hogeita hemezortzi urtean milaka euskaldunen kontra diseinatutako esterminio politikaren funtsak. Konta diezaiegun Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberuako euskaldunek Lehen Mundu Gerran edota Aljeriakoan pairatutakoak. Konta diezaiegun zein testuingurutan sortu zen ETA eta zergatik iraun duen gaur egunera arte. Konta diezaiegun ETAren borroka armatuaren ondorioz pertsona asko hil direla, sufrimendua itzela –izan– dela. Konta diezaiegun Espainiako Gobernuak sufrimendua ekidin beharrean elikatu egin duela, gaur egun Eusko Jaurlaritzan daudenek sortu zutela GAL eta GALek pertsona asko hil zituenez, sufrimendua itzela –izan– dela. Konta diezaiegun Euskal Herrian dauden polizia indar guztiek torturatu dutela, askotan heriotza eragin arte. Konta diezaiegun Bakerako Hezkuntza Plana adostu dutenek ezkutatu egiten dutela tortura, Marixabel Lasak ezkutatu egiten duela tortura, Rodolfo Aresek torturatzea agindu duela, Jose Antonio Pastorrek torturatuei salaketarako eskubidea ere ukatzen diela, Patxi Lopezek torturak baimentzen dituela. Konta diezaiegun hegitik egira. Arantxa Urretabizkaiaren arrazoiak aintzat hartuz gero, ausarta izatea botere osoa dutenen alde jartzea da, iritzi publikoa norabidetzen duten komunikabide publiko edota pribatu indartsuenetan idatzi zein berba egitea, Guardia Zibilak Naia Zuriarrain eta Saioa Agirre torturatu eta sexualki jazarri zituela ez salatzea da. Guri zehatzago azaldu beharko digute zergatik den horren arriskutsua indar armatuak, epaileak eta kartzelak gobernatzen dituztenen alde idaztea.