argia.eus
INPRIMATU
Gelaren epelean kontu kontari
  • Pello Añorga (Irudiak: Jokin Mitxelena) ::Ipuin kontalariaren arbela

    Aizkorri

    prezioa ::7 €

Xabier Etxaniz Erle 2010ko maiatzaren 16a
Pello Añorga eta Jokin Mitxelenaren artean asmatutako protagonistaren hirugarren liburua dugu hau. Ipuin-kontalari bat, kasu honetan idazlea ere badena, dugu liburu honen egileetako bat, eta alde horretatik ahozko kontaketaren eta idatzizko narrazioaren arteko idazlana ere badela esan dezakegu.
   
Istorio labur honen narratzailea ume bat dugu, klasean, epelean, inguru guztia elurrez beteta dagoen egun batean ipuin-kontalariaren zain dagoen ume bat. Eta ez dakigu nor den ume hori, ezta nolakoa, izan ere klasea ordezkatzen duen pertsona bat da, ikasgela horretan dagoen bat.
  
 “Elurra egin du gaur, eta zuri dago kanpoan, zuri eskolako patioa: zuri-zuri; eta zuritasunaren erdian zuhaitza ere zuri, bakardadean… Gu, aldiz, hemen gaude, barruan gelaren epelean, eskolako berogailua piztuta, Ipuin-kontalariaren zain” (4. orrialdea). Honelaxe hasten da kontakizuna. Eta Ipuin-kontalariak gelan egindakoak, kontatzen dien istorioa eta horren ondorioz umeek egiten dutena ditugu ipuin honen nondik norakoak. Eta, hain zuzen, Ipuin-kontalaria mintzo denean dugu arestian aipaturiko ahozko kontaketa. Kontalariaren ipuinak, ahozkotasunaren formulak eta egiturak erabiliz, irudimena du oinarri, eta horrela, gelan dagoen arbel beltz eta zikinaren ordez leihoa, hasieran, eta elurrez zuritutako patioa ondoren, erabiliko ditu arbel moduan. Neskatila batek idatzitako E letra batetik abiatuta elefanteaz, zuhaitzez eta mila kontuz ari den ipuina kontatuko die. 
   
Pello Añorgak sinpletasuna eta irudimena –kasu honetan irudimen horretan guztiz beharrezkoa da irudigilearen ekarpena– darabiltza istorio atsegin eta hurbila kontatzeko. Haurren ikuspuntutik abiaturiko narrazioa da eta ederki lortu da haurren begirada, tonua, istorioa kontatzean eta istorioko partaideak izatean. Eta horretarako Añorgak alde batera utzi du beste zenbait lanetan erabili dituen hitz jolasak, errepikapenak, onomatopeiak… Horien ordez, kontalariari eman dio pisua, kontatu nahi den istorioari.
   
Aurretik ere aipatu dut irudigilearen ekarpena, eta ukaezina da liburu hau egiterakoan, istorio hau kontatzerakoan, idazlearen eta irudigilearen lana aipatu behar direla, biak izan behar ditugula kontuan. Leirek marrazturiko E letra horretatik abiatuta, bi zuhaitz egingo dira, eta gero zuhaitz horren baitan sagarrak… elefantearen istorioa kontatu, osatu, arte. Tonu pastelak, suabeak, erabiliz Mitxelenak ederki islatzen du neguko giroa eta gela barruko berotasuna, baita ipuinaren inguruan sorturiko giroarena. Egia, bai, egia… sudur ondoan begia.