Hamaikagarren mezua

Noizean behin gelditu egiten naiz. Geldialdi teknikoak izaten dira. Benetan nahi dudan norantza hartu dudanentz egiaztatzeko. Abiadurak ez ote dizkidan paisaiarik ederrenak ezkutatu aztertzeko. Ikusi gabe begiratu ditudanek arreta merezi zuten ala ez... Eta abar. Teknikoki ezabatzen ditut posta elektronikoaren bidez heltzen zaizkidan powerpoint gehienak, irakurri gabe.

Noizean behin egiten dudan bezala, gaur ere gelditu egin naiz. Oraingo geldiunean, zakarrontzitik atera ditut lagunek bidalitako mezuak. Lehenengoak kontuz ibiltzeko dio, telefonoz deitzen didan edonori ez emateko inolako klaberik. Ez nuen inoiz egingo, esan diot lasai neure buruari. Hurrengo mezuan, nire lankide baten lagunaren lankidearen seme txikia desagertuta dagoela iragarri didate eta mezua zabaltzeko eskatu ere, pena ematen zuen mutikoaren aurpegiak... Hirugarrenean, etxe askotan apaingarri gisa dugun diffembachia izeneko landarea izugarri pozointsua dela eta tipo bat hil duela ohartarazi dit nire osasunaz arduratu ohi ez den beste lagun batek. Ondorengoak, inguruko herrietako parkeetan gozokiak eskaintzen ibiltzen den pederasta baten irudia atxikita etorri zait, ezaguna egin zait, eta aurreko mezuko mutikoarekin gogoratu naiz. Bosgarren mezuak, Progesterex, bortxatzaileen drogaren arriskuaz oso modu grafikoan ohartarazi dit. Horraino iritsita, takikardia izerditsuan nengoen itota, inozoa ni, arrisku horien guztien ez-jakitun...

Nire arduragabekeria zuzendu nahian zabaldu dut hurrengo mezua. Bizkaiko mendiak eta hondartzak azaldu zaizkit Lertxundiren kanta batekin batera. Eta segidakoan, irribarrea atera didan txiste-sorta irudiztatua. Zortzigarren mezuak bularreko minbiziaren aurka borrokatzeko aitzakiaz youtubeera eraman nau, eta han ikusi dudan bideoak pozez eta itxaropenez bete nau. Eta gero emakumeok omen ditugun adiskidetasun harremanez goxo-goxo hitz egin dit beste powerpoint batek. Hamargarrenean, betirako zoriontasunaren giltza bidali didate, eta berarekin batera beste zazpi laguni igortzeko derrigorrezko enkargua.  Honenbestez bihotz taupadak motelduta nituen eta pantailaz bestaldean paradisua zegoela sinestuta nengoen...

Eta hamaikagarren mezua zabaltzeko lehenengo klikaren une berean gogoratu naiz geldialdi teknikoaz, ez dut bigarrenez klik egin. Itxi dut pantaila. Etxeko leihoa zabaldu eta hantxe geratu naiz, udaberriari begira.

ASTEKARIA
2010ko maiatzaren 16a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Eguneraketa berriak daude