Ez da existitzen betiereko dibisarik

  • Metal gogorrez egina zegoela uste zen, baina euroa jogurta bezain xehea dela ikusi dugu orain, eta Alemaniak ez ditu greziarrek hautsitako platerak ordaindu nahi. Moneta Bakarra arriskuan dago, baina zenbaiten dramatismoa erlatibizatu egin behar da. Azken batean inoiz ez da betiko txanponik izan, gure curriculum numismatiko luzea irakurtzea nahikoa da horretaz jabetzeko.

2010ko maiatzaren 16an
troketa
Nafarroako Moneta egiteko trokela.Nafarroako Museoa
Francfurt, 2010eko apirilaren 8a: Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidentea ziur da Greziak bere zorrak ordaindu ahal izango dituela. Trichetek ez du arriskuan ikusten eurogunea, ezta euroa ere. Baina konfiantza handirik ez dago merkatuetan eta burtsako akzioek behera egiten dute, ez bakarrik Atenasen, baita Parisen, Berlinen eta Londresen ere. Ondorioz Europako dibisa nagusiak balioa galtzen du beste behin: euroa 1,33 dolarretan saltzen da, aurreko egunean baino zentimo erdi merkeago.

Greziako “tragedia” euroaren lehenengo krisia dela diote adituek eta agerian utzi du txanpon hori ez dela hain borobila. 2008an finantza krisia lehertu zenean, eurogunean zeuden herrialdeek lasaitu hasperena egin zuten haien burua Moneta Bakarraren babesean jakinda. Baina banku eta finantza-enpresak bakarrik ez, estatuak ere kiebra jotzeko arriskuan daudela erakutsi du Greziak, eta Trichetek nahi duena esango du, baina orain badakigu euroa blindatu gabeko moneta dela, lehenago edo beranduago historiara pasako den beste txanpon bat. Zenbat izan ote dira euskaldunok mendeetan zehar eskutik eskura maneiatu ditugun sosak? Haiek ere hasieran birbaluatu egin ziren, gero espekulazioa jasan zuten, debaluatu zituzten, eta azkenik, desagertu egin ziren. Agian ahaztu zaigu hain desiraz erabiltzen dugun “diru” hitzak erromatarren denariusean duela jatorria eta duela 2.000 urte gure artean zela.

Baskunes: lehenengo txanpon euskalduna?

Aspaldikoa da txapona. Txinan, esaterako, 5.000 urte omen dituzten mesolitikokoak agertu dira, eta K.a. 600. urtean Anatoliako lidiarrek beren urre-zilarrezko dibisari lehoi baten burua landu zioten lehen aldiz. Errege eta agintariak laster jabetu ziren txanpon barruko irudiak zuen garrantziaz eta haien aurpegiak landu arazi zituzten. Alexandro Handia izan zen lehena, eta gaur arte hamaika monarka, enperadore eta diktadorek imitatu dute. Euskal Herriko txanpon zaharrenean –K.a. 150eko erromatar denario bat– ordea, ez da enperadore famaturik ageri, gizon bizardun eta ezezagun baten kopeta baizik. Baina pezaren bestaldean izen adierazgarria irakur daiteke: Baskunes.

Bilakaera bitxia izan dute Baskunes izenaren esanahiaz egin diren teoriek. XIX. mendean, iberiar grafia oraindik deskodifikatu gabe zegoenean, Aloïs Heiss eta Antonio Delgado aditu prestigiotsuek Oiasso portu euskaldunarekin lotu zuten txanpona, bertan irakurtzen zuten ustezko legenda (Iessona) oso antzekoa zelako. Gero, jakin zenean iberiarrez Baskunes ipintzen zuela –edo Barskunes, beste zenbait kasutan–, Caro Baroja bezalako autodidaktek ezin izan zioten tentazioari eutsi “basko” erroarekin lotzeko. Orain, hizkuntzalariek ia ziurtzat jotzen dute zeltiberiar jatorriko terminoa dela, nahiz eta oraindik ere maiz egiten den foro batzuetan baskunes=vascones identifikazioa. Dena dela, ez da zalantzarik denario “autoktono” batez ari garela, moneta fabrika non zegoen ez dakigun arren –batzuen ustez Iruñea inguruan zegoen–, Baskunes ugari agertu baita euskal lurralde osoan: Tafallan, Vianan, Zangotzan, Iruñean, Gernikan... Bestalde, txanponaren alde batean agertzen den zaldunak (ikusi irudia) ezpata motza darama eskuan, eta hori ez da batere normala Iberiako beste lekuetan.

Bai txanpon hauek eta bai inguruko beste antzeko asko ere (Cascaita, Bentian, Olcairun...) zeltiberiarren kontrako borroketan sortu ziren, K.a. 150-50 urteetan. Moneta zirkulazioa asko handitu zen garai horretan, erromatarrek mertzenarioei ordaintzeko modu erraza baitzen dirua. Baina K.a. 45ean Julio Zesarrek Mundako bataila odoltsuan Ponpeiori irabazi ondoren, Inperio osoko finantza sistema aldatuko du eta debekatu egingo du moneta lokalak lantzea, gure Baskunes denarioak barne. Aurrerantzean, Erromako enperadoreen irudia zeramaten denarioak baino ez ziren egingo Mare Nostrumeko lau ertzetan. Beraz, ez da egia euroa izan denik Europako lehenengo Moneta Bakarra, bi mila urte lehenagoko aurrekari bat badago: zilarrezko denarioa.

Erromak goia jo zuenean, mota guztietako erakunde kaudimentsuak zeuden hiri eternoan: Estatuko Altxorra, dirua jaulkitzeko Moneta Etxea –Juno Moneta izeneko jainkosaren tenplu ondoan zegoen eta hortik “moneta” hitzaren esanahia–, zergak biltzeko Ogasun Ministerioa, Argentarii finantza-sozietateak... III. mendetik aurrera, ordea, krisi global batek Inperioaren zimendu ekonomikoak dardararazi zituen. Zein izan zen orduko “Egonkortasun Plana”? Merkelek eta Sarkozyk greziarrentzat inposatu berri duten austeritate errezetaren antzekoa: petxak igo, soldatak jaitsi, aurrekontua estutu... Administrazio erromatarrak prezioetan eta txanponaren balioan interferitzeak gauzak okerragotu egin zituen. Enperadoreek behin eta berriz debaluatu zuten zilarrezko denarioa urre txikirik ez emateko –3,9 gramotik 1,7 gramora pasatu zen bi mende eskasean–, harik eta pixkanaka moneta hori merkatutik kanpo geratu zen arte.

Nafarroako Txanpona: Imperatoreen boterearen erakusgarri

Nafarroako Museoan, Iruñeko Santo Domingo kalean, ondare numismatiko harrigarria aurki daiteke: 20.000 txanpon baino gehiago dituzte gordeta. “Gutxienez baditugu munduan bakarrak diren hamar txanpon” dio Francisco Javier Zubiaur bertako goi teknikariak. Dohaintza, erosketa eta, batez ere, aurkikuntzekin gizendu da bilduma. Larrialdi eta gerra garaietan ezezagunek aurreztutako sosak ezkutatzen zituzten –zeukaten urre edo zilar kopuruagatik– eta eraikin zaharretako murru eta zoruetan aurkitu izan dira txanpon horiek. Kasu batzuetan anekdota bitxiak ere suertatu izan dira aurkikuntza horien harira, honela kontatzen du Zubiaurrek: “1999an Nafarroako Gorteetako birrinketa batean langile batzuek urrezko 300 txanponen lotea aurkitu zuten; aurkikuntza isildu eta euren probetxurako saltzea erabaki zuten. Azkenean poliziak esku hartu behar izan zuen eta aurkitzaileei eskubidez zegokien sari metalikoa ukatu zitzaien”.

Erromatar kataklismoaren ondoren diru-fluxua izugarri gutxitu zen Europan, soilik bisigodoek, karolingiarrek eta arabiarrek jaulki zituzten txanponak, kasu batzuetan ez oso praktikoak, urre gehiegi baitzeramaten truke sinpleak egiteko. Iberiar penintsulan, erreinu kristauen artean, moneta propioa emititzen lehena Antso Nagusia (992-1035) nafarra izan zen. Kobre eta zilarrezko aleazioz egindako beiloizko txanpona da errege legendarioak sortutakoa, eta honela jartzen du: Imperator - Naiara. Lelo horrek katramila bat baino gehiago sortu izan du adituen artean. Izan ere, zer arrazoi zuen Antso Handiak bere burua enperadore izendatzeko? Zer esanahi du “Naiara” hitzak? Najera? Navarra? Galdera horien atzean soka luzeko eztabaida historiko eta politikoa dago.

Hurrengo mendeetan errege nafarrek euren diruak dantzatzeari ekingo diote eta  Nafarroako Txanpona deitu izan dena produzituko da Iruñeko Comptoseko Ganberan. XIII. mendeko eraikina zutik dago oraindik eta sortu zeneko funtzio berbera du: Nafarroako finantza publikoak kontrolatzea. Erakunde hori benetako Kontuen Auzitegi bat zen eta, besteak beste, monetaren “maisuek” eta “guardek” egiten zuten lan bertan. Ezaugarri askotako txanponak egin ziren hor –santxeteak eta carlinak dira ezagunenak–, guztiak Nafarroako erregeei lotuak, Navara, Navarre eta Navarrorum hitza zeramatela.

Fernando Katolikoak Nafarroa konkistatu zuenean, bertako txanponaren neurriak Burgosko eta Zaragozako moneta etxeen arauetara egokitu zituen, paritatea lortu nahian. Hala ere, txanponen irudi bereizgarriak –kateak, legenda...– XIX. mendera arte mantendu ziren, Isabel II.ak Espainiako moneta guztiak homogeneizatu zituen arte. Mugaren bestaldean Nafarroako Txanponaren bidea ez da oso ezberdina izango. XVII. mendean errege nafarrak Frantziako errege ere bilakatu zirenean, hexagonoko errege-monetari Nafarroako ikurrak jarri zizkioten. Esaterako, Le Roi Soleil edo Luis XIV.a errege absolutistak Nafarroako Txanpona jaulkitzen zuen. Nafarroako azkeneko txapona 1788an produzitu zuten Frantzian, Luis XVI.ari lepoa gillotinaz moztu aurretik.

“Hôtel des Monnaies”

Baionako kale berrian edo Neuve kalean, turistek Notre Dame elizari egiten diote argazkia, estanpa eder hori erraz harrapatu daiteke begi digitalarekin. Baina gutxik dakite kale horrek Monnaie ere izena duela eta lau mendez Hôtel des Monnaies izeneko eraikin desagertuan milaka libera egin zituztela. Baionakoa moneta arrunta zen, Frantzia osoan barreiatzeko egina, eta ikur bereizgarri bakarra zuen: “L” hizkia. Hala ere, dirugin maisuek behin baino gehiagotan egin zuten modua kaukoari marka “sekretuak” eransteko, orain zirkulu txiki bat, orain letra arraro bat... Baionako dirugileak gremio pribilegiatua eta itxia ziren, zelo handiz gordetzen zituzten euren eskubide eta ohiturak. 1840 urtean Neuve kaleko moneta etxea desagertu egin zen eta geroztik ez da txanpon gehiago egin Lapurdiko hiriburuan, baina bertako lan-tresnak oraindik ikusgai daude Euskal Museoan.

Ontzako txanpon faltsutzaileak

Goizuetan bada gizon bat / deitzen zaio Trabuko... hasten da kanta anonimoa. Patziku Perurenaren esanetan 1748koak behar dute bertsoek eta Berdabioko txanpon faltsutzaile batenak dira. Ezkutuko meatze bateko urrearekin txintxin faltsua egin eta Frantziara pasatzen zuten berak eta Trabuko izeneko lagun batek. Baina iruzurgilea kartzelan sartu zuten lagun bihotz faltsuak salatuta; hortik bertsoen arrangura.

Txanpona sortu zenetik existitzen da faltsifikazioa, eta txanponak ez faltsutzeko moldeak eta erak asmatu ahala sortu ziren faltsutzekoak ere, gaur egun bezalaxe. Aberasteko modu erraza izanik, tentazio handia zen diruarekin marro egitea, edota diru faltsua mugaz bi aldetara garraiatzea. Asko dira artxiboetan aurki daitezkeen adibideak: Durangoko merinoak 1617an herriko alkatearen eta beste hainbaten kontra egingo du “Frantziako moneta faltsua sartu, erabili eta berarekin negoziatzeagatik”; 1669an Juan Uriarte izeneko “frantses” bat Lekeitioko kartzelan zen gezurrezko moneta egiteagatik; bi urte geroago fiskalak auzitan sartuko ditu Barakaldoko Kontxesi Ibarra eta Abandoko Marikruz Azkoeta moneta faltsua egiten “konplize” izateagatik; 1800ean Legutioko berunezko meatze baten jabea epaitegietan aurkituko da gezurrezko txanponak egiten zituela salatuta...

Nire buruaz ez naiz oroitzen / zeren ez naizen bakarra... dio Berdabiokoak. Izan ere, bertsoetako historia xarmangarria da, baina faltsutzaile presoaren egoera oso ohikoa zen garai bateko Euskal Herrian.

Oñatiko duroa

“Karlistek, beren jendeen artean metalikoa falta dela-eta, txanpon fabrika eraiki dute Oñatin, eta erregegaiaren irudia burdinan lantzen hasi dira” diote Madrilgo egunkariek. “Esaten dute, fakziosoak barkuak lotzeko zituzten kainoi zahar guztiak urtzen ari direla kostako herrietako kaietan, baita kanpaiak eta eskura dituzten kobrezko objektu guztiak ere” dio El Cronistak 1876ko urtarrilaren 16an. Bigarren Gerra Karlistan Carlos Mari Borbon, “Karlos VII.”aren erregetza defendatzen zutenek benetako Estatu Karlista paraleloa asmatu zuten: legeak, auzitegiak, unibertsitatea, administrazioa... eta Oñati zen horren guztiaren hiriburuetako bat. Jakina, dibisa propioa ere kaleratu zuten. Horretarako, Errege Moneta Etxea eraiki zuten Oñatiko errepide bazter batean, Cornelio Garay-ren pospolo lantegi ezaguna zegoen lekuan. 

Oñatiko txanpona berezia zen oso. 25 gramoko kobre eta zilarrezkoa zen, baina bere soinean ez zuen balorerik jartzen, soilik honako hau: Real Casa de Moneda - Oñati - Octubre 1875. Dena den, guztiek zekiten txanponak bost pezeta balio zuela, horregatik deitzen zitzaion “Oñatiko duroa”. Hala ere, dibisa honen fluxua hutsaren hutsean geratu zen, soilik miliziarren artean ibili baitzen, baina ez hainbeste diru bezala, baizik eta medaila moduan. Hain dira arraroak holako medailak, horietako batek numismatikaren merkatuan 1.000 eta 3.000 euro artean kosta dezakeela, adituen arabera.

Oñatiko txanponaz gain, karlistek 5 eta 10 zentimoko sosak jaulki zituzten Bruselan Carlos Maria erregegaiaren irudiarekin eta horiek zertxobait gehiago zirkulatu zuten. Dena den, 1876an karlisten porrotarekin bukatu ziren abentura monetarioak. Urte horretako martxoaren 3an gudaroste liberalak Oñatin sartu zirenean, lehenengo gauza izan zen Moneta Etxea txikitzea. Gaur egun Oñatin existitzen da Ceca izeneko numismatika elkarte bat eta besteak beste hainbat txanpon editatu ditu azkeneko urteetan, horietako bat Oñatiko hogerleko ezagunaren kopia da.

Euzkadiko pezetak

XX. mende hasieran Hego Euskal Herriko jendartea ohituta zegoen Madrilen eta Sevillan soilik egindako txakur-dirua (pezetako 5 eta 10 zentimo) eta erreal koartoak (pezetako 25 zentimo) edukitzen esku artean, gutxik zuten 1868an ofizialdutako pezeta osoak maneiatzeko zortea. Dena den, inflazioak goraka egin ahala, pezetaren erabilera ugaldu egin zen, nahiz eta familietan dirua errealetan kontatzen jarraitu zuten –orain gutxi arte iraun duen ohitura izan da–.

1936ko Gerraren ondorioz borrokan zebiltzan alde biek eta gobernu autonomoek euren finantza sistema autarkikoa sortu behar izan zuten, eta Euskal Herrian, bertako pezeta fluktuatzeko saiakera egin zen Jose Antonio Agirreren eskutik. 1937an ekin zion Euskadiko Gobernuak paperezko diru-taloiak, bonoak eta txanponak egiteari. Txanponen kasuan, ez ziren Euskal Herrian egin –hemen egin ziren bakarrak Asturias eta Santanderreko Kontseiluentzat Gernikan eta Bilbon jaulkitako pezetako zentimo gutxi batzuk izan ziren–, Bruselan baizik. Zazpi milioi pezeta txanpon egin ziren guztira Gobierno de Euzkadi legendarekin, eta beste sei milioi bi pezetakoak. Heliodoro de la Torre Ogasun sailburua izan zen finantza egitura horren guztiaren egilea eta zirkulatu zuten unitateei “eliodoroak” ere deitu omen zitzaien.

Gaur, oso gutxi dira Francoren irudirik ez zeramaten diktadura aurreko txanponak ezagutu zituzten euskal herritarrak; gero eta gutxiago ere De Gaulleren aurreko libera zaharrak ezagutu dituztenak. Aldiz, hazten ari dira euroa besterik erabili ez duten haurrak. “Nik ere pezeta/libera ezagutu nuen”, esango dugu laster. Esango al dute inoiz gure ondorengoek, “nik ere euroa ezagutu nuen”?
Euroa eta langileak, AAA 'ranting'-aren morroi
Sortu eta hamar urte geroago, bistan da euroa ez dagoela garairik onenean. Moneta Batasunean sartzeko, hainbat baldintza jarri ziren: defizita %3tik ez igotzea eta zor publikoa ez izatea BPGaren %60 baino gehiago, besteak beste. Baina hori lortzeko eta kontrolatzeko modu bakarra herrialdeen arteko konfiantza izan da. Beraz, moneta bakarra bai, baina ekonomia bakarra ez. Malabarismo zaila. Greziak gezurra esan zuen defizitaren arloan, eta beste herrialde askotan ere “praktika on” horiek ez dira betetzen ari –ez da ahaztu behar Alemaniak berak zailtasunak izan zituela duela urte batzuk–. Orain, asko dira finantza erregulazio komun bat eskatzen dutenak, eta Ecofin erakundeak herrialdeetako aurrekontuak gainbegira ditzala hauek onartuak izan baino lehen.

Momentu honetan Greziak 300.000 milioi euroko zor publikoa du eta defizita %13,6an kokatzen da herrialde heleniarrean. Kalifikazio agentziek espekulazioren mailan utzi dute Greziako kaudimena (BB+) eta bere bonoak zaborraren pare daude. Baina ez da euroguneko herrialde bakarra hanka zepoan duena: duela gutxi Espainia AA mailara jaitsi du S&P agentziak, eta Portugal edo Italia okerrago daude oraindik. Agentzia horien boterea nabarmena da, inbertitzaileak espantatu edo erakartzeko ahalmena baitute, horrek ekar lezakeen guztiarekin. Greziaren erreskateak 110.000 milioi euro kostako omen du, baina horretarako, defizita jaitsi eta 30.000 milioi euro aurrezteko neurri gogorrak inposatu dizkiote Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak, langileek jasango dituzten neurriak, hain zuzen ere. Badirudi euroaren prestigioa agentzia “independenteek” ematen duten kalifikazioaren menpe dagoela, eta euroguneko herrialdeek errezeta ahalik etaneoliberalenak hartuko dituztela prestigio hori altu mantentzeko, langileen bizkar bada ere.
Francisco Javier Zubiaur (Nafarroako Museoko numismatika teknikaria)
"Faltan botatzen dugu numismatika areto bat"

Zein dimentsio du museoko bildumak? Zenbat txanponez ari gara hitz egiten?



16.284 ale ditugu txanpon, paperezko txanpon eta trokelen artean. Horri gehitu behar zaizkio Iruñeko katedralean eta San Fermin Aldapan agertutako 2.000 txanpon baino gehiago, katalogazio prozesuan momentu honetan. Beraz, guztira 18.000 txanpon baino gehiagoz ari gara.

Eta zer garrantzia dauka bilduma horrek beste museo edo zentroekin konparatuta?



Bilduma benetan garrantzitsua da, baina zaila da konparazio ziurrak egitea. Espainiako Estatuan beste zentro batzuk beren garrantzia numismatikoagatik nabarmentzen dira: Kataluniako Arte Museo Nazionala, Museo Arkeologiko Nazionala, Madrilgo Moneta Etxearen museoa... Nafarroako horien artean dago. Hala ere, hemen bilduma oso interesgarriak ditugu, Nafarroako Monetaren 715 ale, esaterako. Horrez gain badugu mundu mailan nabarmentzen den moneta-trokelen bilduma.

Zein garaiez ari gara?



Txanpon hispaniar-erromatarren bilduma handia dugu, eta horien artean aurkitzen dira Barskunes fabrikako txanponak. Badaude, baita ere, erdi arokoak, arabiarrak, modernoak, garaikidekoak...


Eta horietatik zein nabarmenduko zenuke?



Museoak baditu behintzat hamar txanpon munduan bakarrak direnak, erreinaldi ezberdinetakoak: Felipe V.aren bi tarja, Sancho Ramirezen erreinaldikoak, Antso VI. Jakitunarenak... Duela gutxi urrezko bi pieza erosi ditugu oso arraroak, kontserbatu diren horrelako txanponak oso gutxi baitira. Fernando I.aren eta Carlos I.aren bi erreal bikoitz dira.


Nafarroako Txanpona mende askoan jaulki zen Iruñean, eta baita Frantzian ere. Zein zen bere garrantzia?



Txanpona, beti eta edozein lekutan, independentziaren eta botere politikoaren erakus-tresna jakinena da, pertsonalitate historikoaren irudia.

Comptoseko Ganbera Nafarroako erreinuaren finantzak kontrolatzen zituen instituzioa zen, eta bertan jaulkitzen ziren txanponak. Nafarroako Museoak erakunde horren ondarea hartu al du?



Nafarroako Museora iritsi baino lehenago, Compotseko Ganberaren eraikinaren barruan kontserbatu ziren moneta jaulkitze prentsa, trokelak, dirua biltzeko kutxa... Comptoseko Ganberaren eta Nafarroako Museoaren arteko erlazio instituzionala ezin hobea da. Museoan, momentu honetan, moneta jaulkitzeko prentsa hori erakusten da.


Museoak monetak jaso izan ditu modu ezberdinetara: ekarpenak, subastak erosketak...



Bai, hala da. Nafarroako numismatikaren museologiaren historian, iritsi zitzaigun lehenengo lotea Iruñeko katedralekoa izan zen. Egon dira kasualitatezko aurkikuntzak baita ere, adibidez, Ordozko altxortxoa. Lizarran agertu zen 1949an, buztinezko kikara batean, eta Kordobako Hixen I eta Abderraman II.a kalifen txanponak zeuden tartean.

Moneta bildumaren zein parte dago momentu honetan erakusgai museoan?



Soilik txanpon hispaniar-erromatar batzuk eta Comptoseko Ganberako txanpona jaulkitzeko prentsa. Izan ere, museoaren eraldaketa arkitektonikoan ez zen aurreikusi numismatika aretorik. Hori baino lehen bai egon zela horrelako sala bat, eta orain faltan botatzen dugu. Hala ere, ahal izan dugunean numismatika material guztia erakusketa ezberdinetarako utzi izan dugu.

Eta etorkizunera begira zer planteamendu egiten duzue ondare horren zabalpena eta ezagutzarako?



Numismatika funtsa katalogatzen, handitzen eta komunikatzen jarraitzea: ikertzaileak bertara irits daitezen erraztuz, museoko numismatika sekzioa hobetuz...

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erromanizazioa Euskal Herrian
Baskoiak, erromatarrek sarituak ala zigortuak?

Irulegiko indusketek, Antzinaroko euskarazko inskripzioak dituen eta mundu osoari bira eman dion brontzezko xaflaz gain, beste hamaika aztarna baliotsu azaleratu dituzte jadanik, eta, sarritan mitoekin bete izan dugun Euskal Herriko historiaren hutsune bat betetzen lagun... [+]


Izenik gabeko erromatar hiria

2018an Artiedako (Zaragoza) udalak El Forau de la Tuta aztarnategiko arrastoak ikertzeko laguntza eskatu zion Zaragozako Unibertsitateko Arkeologia Sailari.


Antzinaroan ere Pirinioak ez ziren muga

Ibañetako lepoa, duela 2.000 urte inguru. Erromatarrek galtzada eraiki zuten, Pirinioak puntu horretatik igarotzeko. 2008an hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea antzinako iturriek aipatzen duten galtzadaren bila.


Foruko erromatar herrixka

Hil honetan hasi eta abuztuaren 28a bitartean, Foruko (Bizkaia) erromatar herrixkaren arrastoetara hurbiltzen denak bisita gidatu berezia egin ahal izango du, aurrez aurrekoa eta birtuala, aldi berean.


Ebroko urak daramana
Mantibleko zubiaren gainbehera

Urtarrilaren 24tik 25erako gauean erori da oraindik zutik mantentzen ziren Lantziegoko Mantibleko zubiaren bi arkuetako bat. Arabar Errioxako monumenturik garrantzitsuenetakoa da. Josu Narbartek artikulu honetan azaldu du bere jatorria, eta hainbat elkartek iragarria zutela... [+]


Eguneraketa berriak daude