argia.eus
INPRIMATU
Beasaingo CAF enpresan amiantoaren aurka
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza Daniel Udalaitz 2010ko maiatzaren 16a
Amiantoarenei Patxi Epelde
Amiantoarenei Patxi Epelde artistak egindako eskulturaren inaugurazioa Beasainen; CAFen amiantoak hildako langileen senideak izan ziren.Argazki Press / Jon Urbe
Construcción y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) enpresak Beasainen duen egoitza nagusian lan egin zuten bi langile ohiri lanerako ezintasun osoa onartu die Gizarte Segurantzak. Bi operarioek amiantoarekin lan egin zuten hamarkada askotan eta pleurako minbizia jasaten ari dira egun. CAFek errekargo bat ordaindu beharko die segurtasun neurririk ez zutelako hartu. Horrez gain, langile ohiek epaitegietara joko dute prestazioak handitu eta senideentzako alarguntza lortzeko.

CAFen 1960 eta 1970eko hamarkadetan erabili zuten gehienbat amiantoa eta 1987an egin zuten lan, azken aldiz, mineral horrekin, S/8000 tren-kotxeak desamiantatu zituzten arte. Dena den, enpresako hainbat tokitan oraindik badago amiantorik eta leku horiek identifikatu nahian ari dira langileen laguntzaz. Beasaingo enpresak onartu du gutxienez 147 langile amiantoak kutsatzeko arriskuan egon zirela; horietako asko aurrejubilaturik daude eta beste batzuk lanean ari dira oraindik. Hala ere, enpresa batzordeko prebentzio ordezkarien arabera gehiago izan litezke amiantoarekin lan egin zutenak eta horregatik eskatu dute zerrendan sartzeko CAFen 1960 eta 1992 artean lan egin zuten pertsona guztiak.

45 hildako gutxienez

Bai Beasaingo lantegian eta bai Zaragozakoan 2009 arte 45 langile hil ziren amiantoak sortutako gaixotasunekin. LABeko Imanol Urrestarazuren arabera seguru daude gaixotutako pertsona gehiago egon litezkeela “baina ezezagutzagatik, edo beste arrazoi batzuengatik, ez dute mineral kantzerigenoarekin izandako harremana erreklamatu, eta beraz, ez dira zerrenda ofizialetan agertzen”.
Iazko urtean zehar hainbat ekimen egin zituzten CAFen amiantoak hiltzen segitzen duela salatzeko. Apirilaren 28an langileek manifestazioa egin zuten Beasaingo kaleetan barrena, eta horren segidan Amiantoarenei izeneko eskultura jarri zen, hildako langileei eta haien senideei elkartasuna adierazteko. Horrez gain, hitzaldia antolatu zuten eta informazio kanpaina jarri zuten martxan, amiantoarekin lan egin zuten langile ohiak identifikatzeko.