Diskoa Hemen gaude kanta indartsu eta bat-batekoak zabaltzen du…
Bada nolabaiteko autoafirmazioa indartsu eta bizirik gaudela esateko. Kanta hori disko honetako zaharrena da, baina hala ere hasieran jarri dugu.
Aurreko diskoa autoekoiztu zenuten, baina orain Baga-Bigarekin zaudete…
Bai, beraiekin
managementa lehendik genuen eta esan ziguten prest zeudela diskoa ateratzeko. Egia esan, polita eta ideala da norberak guztia egitea, baina gogorra ere bada; eta ondo dator laguntza pixka bat.
“Grabitaterik gabe aske izango gara”. Non aurkituko dituzue “supernovak”?
Guretzat supernovak aurkitzea da kontzertu batean jendea gu ikusteko gogoz egotea eta konexio handia izatea. Ematen denean, izugarria izaten da.
Gero eta kanta borobilagoak egiten dituzue, eta ahotsak emozio handia jartzen die.
Talde askoren disko onena lehena da. Gu, berriz, hobetuz goaz eta pozik gaude lortutakoarekin. Ahotsari dagokionez, lehen ondo afinatzearekin oso arduratuta egoten nintzen; baina beldur hori kenduta, sentsazioak transmititzen saiatzen naiz eta melodiak biziagoak dira.
Inoiz Bakoitien errepidean ikusi duzue zuen burua pop-rocka eta power-pop-a egiten?
Bai. Inoiz ez gara bakarrik egon, baina halako talde gehienok bide maldatsuetan gabiltza; eta Kerobia litzateke salbuespena. Pena da Bide Ertzean, Rafa Rueda eta halako talde onek ikusle gehiago ez izatea. Elkarrekin gauzak egiten saiatu beharko ginateke.
Hitzetan umorea eta bilaketa uztartzen dituzue. Ezinbesteko osagaiak?
Umorea kontrolatzen saiatzen naiz, berezkoa dut-eta. Ulertzen ez diren hitzak ez zaizkit asko gustatzen, eta nire istorioetan ironia puntua jartzen saiatzen naiz. Bilaketarena berez irten da. Adibidez, Hilotzarena kantan kontatzen dut artista bat inspirazio faltan dagoela. Niri hori gertatu zitzaidan eta hala idatzi nuen.