Europako hardcore irekia aldarrikatu dugu beti, AEBetako hardcore uniformearen aldean
Dagoeneko taldeak 16 urte bete ditu. Nola bizi duzue hori?
Gure asmoa ez da inori ezer erakustea, ezta helburu zehatz batzuk betetzea. Baina elkarrekin ondo pasatzen dugun lau lagun gara eta, jakina, denboraren kabuz teknikoki eta hitzak idazten apur bat hobetu dugu. Bitxia zera da: gure sasoian zegoen jende gehiena dagoeneko ez dagoela kontzertuak antolatzen, ez da kontzertuetara joaten... Ikusle asko gazteak dira, bere sasoian hardcorea bizi izan ez zutenak, eta horientzat jotzea erronka da. Aspertuko bagina, utziko genuke, baina oraindik badugu zer esan.
Hitzei garrantzia handia ematen diezue…
Bai, ahalegintzen gara hitz gutxitan gauzak azaltzen: esaldi gutxi, neurri batean metaforikoak direnak eta ohiko hitzetaz aldentzen direnak. Buruhauste handirik gabe, baina pentsarazi dezatela.
“Sistema hilzorian dago neurrigabeko handinahiaren ondorioz”.
Bai. Kapitalismoak, handinahiaren muturrean, bere burua jateari ekin dio; baina berriro berpizten ari da. Gizarteak ezin izan du edo ez du nahi izan egoera hori baliatu kapitalismoa suntsitzeko, eta ez da inoiz honako hau baino aukera hoberik izan. Klase ertaina porrot egin duen irabazlea bihurtu da.
“Men egitea” da gure akats handiena?
Hezkuntzarekin zuzenki lotuta dago. Guztiok gara inkonformistak, baina benetan zerbait esan behar dugun unean isilik gelditzen gara. Gakoa da gauzei sustraietatik heltzea.
Diskoan Spermbirds eta Seaweed taldeen bertsioak egin dituzue. Zergatik horiek?
Seaweed aspaldi ezagutu genuen, ia kasualitatez. Grungearen baitan sortu zen arren, indarra eta melodia batzeko modu berezia zuen eta asko gustatu zaigu beti. Bide batez, norbaiti ezagutarazi nahiko genioke. Eta Spermbirds da Europan izan den hardcore talde berezienetako bat. Europako hardcore irekia aldarrikatu dugu beti, AEBetako hardcore uniformearen aldean.